Azkoitian gelditu zen atzo Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketako garaikurra. Izan ere, Gurea pilotalekuan neurtu zituzten indarrak Azkoitiko eta Donostiko palistek atzo gauean, eta etxeko kirolariak aise irabazi zuten finala: 3 eta 0.
Herritar ugari izan ziren frontoian, eta giro ezin hobean jokatu zituzten partidak palistek. Lehen neurketan Iker Epeldek ordezkatu zuen Azkoitia; hark 20 eta 14 irabazi zuen kantxa osoan buruz buru jokatutako neurketa. Bigarren partida estua izanagatik, Oier Beitia eta Igor Juaristi nagusitu ziren, 20 eta 19. Hirugarrena ere Azkoitiarentzat izan zen; Jokin Aizpuruk 20 eta 7 irabazi zuen.
Sari banaketa ekitaldian izan ziren Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Angel Martin Kirol zinegotzia. Gogotik altxatu zuen alkateak palistek irabazitako garaikurra. Hark adierazi duenez, "poz galanta" izan da garaipena herritarrentzat: "Gogor saiatuta irabazi dute Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketa azkoitiarrek. Herrian herritarrek irabaztea bezalakorik ez dago. Zorionak eta gozatu".
Aurtengoa gomazko paleta modalitateko txapelketaren laugarren edizioa izan da, eta Azkoitiak hirugarren aldiz irabazi du txapela. Hain zuzen ere, 2019an, 2021ean eta aurten irabazi du txapelketa.
Azpeitia, eskuzko finalera
Iaz lortutako txapela defendatuko du Azpeitiak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Joan den zapatuan Tolosan 1 eta 2 irabazi eta kanporaketan abantaila ia erabakiorra lortuta, atzo gauean lanak borobildu eta finalerako txartela bereganatu zuten Ilunpeko pilotariek, finalaurrekoaren itzulerakoan Tolosakoei hiru partidak irabazita.
Kadete mailan, Otaegik eta Larrañagak 22 eta 7 menderatu zuten Tolosako bikote gaztea. Jubeniletakoa izan zen gaueko partidarik estuena. Tolosan maila horretako partida izan zen azpeitiarrek galdu zuten bakarra, baina atzo hori ere Ilunpekoentzat izan zen: 22 eta 18 irabazi zuten Odriozolak eta Urtzi Egigurenek. Finalerako txartela poltsikoan zuen Azpeitiak, aise, eta Iker Egigurenek eta Elosegik 3 eta 0ekoa sinatu zuten seniorren partidan, 22 eta 12 irabazita.
Horrenbestez, gaur zortzi, ekainaren 25ean, Donostiako Atano III.a pilotalekura itzuliko da Azpeitia, Gipuzkoako Herriartekoaren bederatzigarren txapelaren bila. Bihar jakingo du nor izango duen aurrean, Hernani ala Oiartzun. Hernanik 2 eta 1 irabazi zuen finalaurrekoaren joanekoa, eta bihar Oiartzunen jokatu behar dituzte itzulerako partidak.