Azkoitiko jubilatuek Elizondo eta Doneztebe bisitatuko dituzte hilaren 23an

Andoni Elduaien 2022ko ekainaren 1a

Irteeran parte hartu ahal izateko izen-ematea datorren astelehenean zabalduko du jubilatuen elkarteak. Ohi bezala, elkartearen bulegoan eman beharko da izena astelehenetik ostiralera bitartean.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak irteera antolatu du ekainaren 23rako, Elizondora eta Doneztebera (Nafarroa). Egun horretako 08:30ean autobusez abiatuko dira jubilatuak, eta bi herriak ezagutuko dituzte. Hamarretakoa egingo dute lehenik, eta otordu hori egiteko parte hartzaile bakoitzak eraman beharko du bere ogitartekoa. Aldiz, edaria jubilatuen elkarteak ordainduko du.

Donezteben egingo dute bazkaria, honako menu honekin: entsalada nahasia, paella, baba gorriak, bakailaoa Bizkaia erara, zatitutako txuleta, flana izozkiarekin eta kafea. Plaza Ondo elkarteko 40 euroko prezioa finkatu du irteerarako.

Datorren astelehenean, ekainak 6, zabalduko dute irteeran parte hartu ahal izateko izen-emate epea. Elkarteak Kultur Etxean duen bulegoan eman beharko da izena astelehenetik ostiralera bitartean, 10:00etatik 12:00etara. Izena emateko azken eguna, aldiz, ekainaren 17a izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide