Beñat Segurola eta Iban Larrañaga, erremonteko Sagardoaren XII. Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 26a, 10:50

Atzo gauean jokatu zuten lehen jardunaldia, eta Aizarnazabalgo aurrelariak, Azpirozekin, 30 eta 17 galdu zuen Urrizaren eta Zubiriren kontra. Azkoitiko atzelariak, berriz, datorren astelehenean jokatuko du partida. Aldaberekin bikotea osatuta, Ezkurra II-Zalduaren aurka ariko da.

Atzo hasi zen Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan erremonteko Sagardoaren XII. Txapelketa. Iaz bezala, aurten ere ETB1ko Erremontari saioaren barruan jokatuko dute txapelketa; astelehen gauetan jokatuko dituzte partida guztiak, bi jardunaldiko, eta telebistaz zuzenean emango dituzte. Joan den urtekoa ez bezala, aurtengo txapelketa pilotalekuan ere ikusleak direla jokatuko dute.

Eskualdeko bi pilotarik parte hartuko dute aurtengo Sagardoaren Txapelketan: Beñat Segurola aurrelari aizarnazabaldarrak eta Iban Larrañaga atzelari azkoitiarrak. Iaz, elkarrekin osatu zuten bikotea Segurolak eta Larrañagak, eta 2021eko edizioaren finalaren atarian gelditu ziren; tanto bakar batengatik galdu zuten finalaurrekoa Urrizaren eta Zalduaren kontra. Aurten, Azpiroz atzean duela jokatuko du Segurolak, eta Aldabe izango da Larrañagaren aurrelaria. Guztira sei bikote lehiatuko dira, eta Sagardoaren Txapelketan ohikoa denez, bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Zubiri (Larre-Gain), Aldabe-Larrañaga (Bereziartua), Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta), Segurola-Azpiroz (Petritegi) eta Ansa II-Juanenea (Setien). Denek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan; horren amaieran, lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira, eta bi bikote kanporatuak izango dira. Ekainaren 20an izango da finala.

Hasteko, porrota

Atzo, lehen jardunaldian, jokatu zuten ligaxkako beren lehen partida Segurolak eta Azpirozek. Ez zuten estreinaldi gozoa izan, Urrizak eta Zubirik 30 eta 17 irabazi baitzieten; tanto kopuru murritz hori dela eta, punturik batu gabe gelditu dira estreinakoan Segurola eta Azpiroz.

Datorren astelehenean, maiatzaren 2an, jokatuko dute bigarren neurketa Segurolak eta Azpirozek; Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a izango dituzte aurrean. Sagardoaren Txapelketaren bigarren jardunaldiko bigarren partida izango da hori. Lehen partidan, Aldabek eta Larrañagak egingo dute debuta txapelketan, Ezkurra II.aren eta Zalduaren kontra jokatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide