Imanol Alesonek osatu du Marea Urdinaren aldeko Urolako Itzulia erronka

Mailo Oiarzabal eta Urtzi Oteiza 2022ko martxoaren 12a

23 ordu eta erdi pasatxotan bete zuen azkoitiarrak 140 kilometroko ibilbidea. Txalo artean hartu zuten korrikalaria atzo arratsaldean Balda plazan elkartutakoek.

Nekatuta –baina ez arnas estuka, ezta hurrik eman ere-, baina pozik eta bere buruari ezarritako helburua aise bete duelako gustura. Horrela iritsi zen atzo arratsaldean Imanol Aleson Azkoitiko Balda plazara. Urolako Itzuliaren 140 kilometroak jarraian eta 24 orduz azpitik egitea, eta batik bat, Marea Urdinaren inklusioaren aldeko lanari ikusgarritasuna ematea ziren egitasmoaren helburuak, eta ondo beteta gelditu dira Alesonen eskutik. 18:30 aldera, 23 ordu eta erdi pasatxotan, itzuli zen herengun 19:00etan irten zen toki berera.

Txalo artean hartu zuten korrikalaria Balda plazan elkartutakoek, ongietorri beroa eginez. Marea Urdinako kideak ez ezik, herriko haur eta gaztetxo ugari batu zen Baldan. Guztiak agurtu, batzuekin eta besteekin berriketan egin, Urolako Itzuliaren esperientzia motxean azaldu, eta ia 24 ordu horietan ondoan izan zituen lagunei eskerrak eman zizkien Alesonek; izan ere, kilometroren bat kenduta, inoiz ez zuten bakarrik utzi azkoitiarra, beti izan zuen bakarren bat bere ondoan lasterka edota oinez.

Laguntza hori eskertu zuen Alesonek, eta atzoko hitzordurako espreski prestatutako txapelarekin eskertu zuten, besteak beste, Marea Urdinakoek Azkoitiko kirolariak elkartearen alde egindako ahalegina.

Hemen, Alesonen iritsierako irudiak (argazkiak: Mailo Oiarzabal):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide