Gontzal Mendibilek eta Iraurgi abesbatzak kontzertua eskainiko dute bihar, igandea, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, eta dagoeneko egin dute azken entsegua. Ostegunean elkartu ziren Mendibil eta abesbatzako kideak, biharko saioa elkarrekin prestatzeko.
Parrokiak eta udalak antolatu dute emanaldia, garizuma asteari modu berezian hasiera emateko. Saioa bera ere berezia izango dela adierazi dute Parrokiako kideek, kontzertuan San Juan Gurutzekoaren poema musikatuak kantatuko baitituzte. Iñaki Maidagan arituko da Iraurgi abesbatza zuzentzen.
18:00etan hasiko da emanaldia, eta Mendibilekin eta abesbatzako kideekin batera parte hartuko dute beste zenbait artistak ere. Hain zuzen, Maddi Otamendi izango da bigarren ahotsa, eta Angel Unzu, Jose Luis Canal eta Iñaki Dieguez arituko dira musikari.
Osteguneko entseguan, saioaren nondik norakoak elkarbanatu eta elkarrekin abestu zituzten emanaldiko kantuak Mendibilek eta Iraurgi abesbatzako kideek. Horrenbestez, ia dena prest dute biharko, eta herritarrei hara joatera animatzeko deia egin diete. Sarrera doakoa izango da.