Rodriguez-Mondragon eta Zelaia-Lopez, Eusko Label Binakako Txapelketako txapeldun

Andoni Elduaien 2022ko otsailaren 28a

Atzo, igandea, jokatu zituzten Eusko Label Binakako Txapelketako finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Partida estua jokatu zuten promozio mailako pilotariek, eta aise nabarmendu ziren lehen mailako txapeldunak. Frontoian giro aparta sortu zen finalak zuzenean jarraitzeko.

Atzo, igandea, Ados Pilotak antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketako finalak jokatu zituzten Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Promozio mailan, Rodriguezek eta Mondragonek jantzi zuten txapela, Santos-Urriza bikoteari 22 eta 16 irabazi ondoren. Lehen mailako finalean, berriz, Zelaiak eta Lopezek 22 eta 11 irabazi zioten Iturriagari eta Egañari.

Guztietan onena Zelaia izan zen, hark hamalau tanto egin baitzituen. Txapeldunek Raul Perez Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren eskutik jaso zuten txapela. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Angel Martin Kirol zinegotzia ere sari banaketa ekitaldian izan ziren.

Ados Pilotarentzat "egun handia" izan zen atzokoa, hala adierazi zuen sare sozialetan. Gainera, finalak jokatutakoan pilotarien amei omenaldia egin zieten. Hain zuzen ere, amak ere lehen lerroan jarri nahi izan ditu Ados Pilotak txapelketa honetan. Horrela, pilotari guztiek beren amen abizenarekin jokatu dute txapelketa berria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide