'Patagonizados' dokumentala emango du ostegunean Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak

Ane Olaizola 2022ko otsailaren 8a

Anaitasunak Mendi Egunak saioak antolatuko ditu aurrenekoz datozen hilabeetarako, eta etzi izango da lehenengoa; Floreagako On Bosco aretoan emango dute Patagoniako abenturetan oinarritutako dokumentala, eta haren egile Adolfo Madinabeitiak solasaldia eskainiko du gero.

Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak Mendi Egunak antolatu ditu estrainekoz datozen hilabeteetarako, Mendi Astea ordezkatuz: "Mendi Astea antolatzen genuenean, hiru bat egunez jarraian hitzaldiak edota bideo emanaldiak eskaintzen genituen, baina formatu horrek ez zuen arrakasta handirik, eta horren ordez Mendi Egunak izenpean hainbat saio antolatuko ditugu urtean zehar", adierazi dute elkarteko kideek. Aurreneko saioa etzi, osteguna, izango da, eta Patagonizados dokumentala eskainiko dute Floreagako On Bosco aretoan, 19:30ean hasita.

Adolfo Madinabeitia mendizale eta eskalatzaile arabarrak Argentinako Patagoniara egin dituen bidaiak eta hango mendietan izandako bizipenak ditu oinarri ikus-entzunezko lanak, eta mendizalea bera saioan izango da, dokumental emanaldiaren ondoren solasaldia eskaintzeko. 

Patagonizados dokumentala abenturari egindako gorazarrea da, norbanako erosotasun-eremutik kanpo eramaten duena doinua. Giro fantastiko eta paregabearen erdian jarriko du ikuslea, hain zuzen ere Hego Amerikako konoaren muturrik australenean, Patagoniako naturaren legeek gobernatzen duten lekuan. Patagoniako gutiziekin harritzeko prest dauden guztientzat da Patagonizados dokumentala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide