Santa Ageda bezpera ospatuz, kopla kantuan aritu ziren atzo herriko ikastetxeetako gazteak. Floreaga Ikastetxeko DBH4ko ikasleak kalera atera ziren; kalerik kale aritu ziren koplatan. Berdura plaza, tabernak, kafetegiak, harategiak eta arraindegiak bisitatu zituzten ikasleek, baita erretorearen etxea eta udaletxea ere. Felix Azurmendi herriko erretoreak eta Javier Zubizarreta alkateak hartu zituzten ikasleak.
Azkoitia BHI ikastetxean ere ospatu zuten Santa Ageda bezpera. Aurten ez dira kalera atera, eta eskola barruan aritu dira koplatan. Batxilergoko eraikinera joan ziren lehenik DBH2ko ikasleak, eta DBHko eraikinean aritu ziren gero. Azken egunetan ikasitako koplak abestu zituzten trikitilariek lagunduta. Xabier Munibe Ikastolan ere eskolan barruan aritu ziren kantuan LHko zenbait ikasle.