Azkoitiko parke estalia, behin-behinean zabalik eta erabilgarri

Anartz Izagirre 2022ko urtarrilaren 26a

Azkoitiko Udalak adierazi duenez, estalkia eta kiskalitako jolasak berriro jarri arte irekita egongo da parkea. Joan zen urtarrilaren 2an su eman zioten parkeari, eta, ordutik, gunea garbitzeko lanetan aritu da udala.

Azkoitiko parke estalia irekita eta erabilgarri dago berriro haurren eta gaztetxoen gozamenerako. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, berriro estalkia eta kiskalitako jolasak ezarri arte egongo da irekita parkea. Ia hilabete pasatu da parkeari su eman ziotenetik; hain zuzen ere, urtarrilaren 2ko goizaldean gertatu zen ezbeharra, eta kalte nabarmenak eragin zituen suteak.

Erakundeak "gogor" gaitzetsi zuen parke estalian gertatutakoa, eta bi egunen buruan ekin zieten gunea txukuntzeko eta konpontzeko lanei. Imanol Arrizabalaga udaleko Hirigintza zinegotziak aurreratu zuenez, parkea behin garbituta "berreraikitzeko prozedura" martxan jarriko dute, parkeak lehen zuen itxura berreskuratu dezan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide