30 dantzari, hogei musikari eta lantalde oso bat atzean. Horixe da Kresala dantza taldearen Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundu bira dantza ikuskizunaren erradiografia. "Euskal nabigazioaren urrezko aroan" du abiapuntua Faustino Aranzabalek eta Idoia Ibarzabalek zuzendutako lanak, eta Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizonak munduari eginiko itzulia da obraren muina. Hala dio sinopsiaren zati batek: "Nabigazioak utzi duen arrastoa agerikoa da euskaldunek itsasoan barnako ibilietan eta munduaren kontzepzio modernoan izan duten lehen mailako eragin historikoan".
Hamazazpi eszena dituen balleta da Amoria & Dolore, eta askotariko diziplina artistikoak uztartzen dituzte egileek ikuskizunean; esaterako, poesia, musika eta antzerkia nahasten dituzte. Aiora Marigil ikuskizuneko dantzariaren arabera, "dantzaz haratago doan emanaldia" eskaintzen ahalegintzen dira: "Saiatzen gara istorio bat kontatzen; kutsu poetikoa du emanaldiak, eta musikarekin zein artearekin ere lotura estua du. Adibidez, dantzarien jantziak oso zainduta daude, eta argiztapenak ere zentzua du. Denak du abiapuntu bera". Artzeren, Etxepareren eta Galeanoren olerkiak ageri dira ikuskizunean, eta Jon Etxabe, Daniele Carnovich, David Sagastume, Donostiako Orfeoia, Gazte Abesbatza eta Orfeoi Txikia, nahiz Leire Berasaluze, Josean Bengoetxea, Maika Etxekopar eta Asier Hernandez errezitatzaileak izango dira agertokian. Dantzari dagokionez, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, "kutsu garaikidea" duen ikuskizuna dela nabarmendu du Marigilek, eta garai hartako "itsasoari loturiko bizimoduaren isla" dela dio: "Maitasunaren eta zailtasunaren arteko metafora irudikatzen du, besteak beste, ikuskizunak". Hortik dator izena ere: Amoria & Dolore.
Dozenaka emanaldi
Ekuadorren egin zuen Donostiako dantza taldeak ikuskizunaren aurrestreinaldia, eta Bilboko Euskalduna jauregian estreinatu zuten ondoren, 2020ko uztailean. Hortik aurrera, azken urtean Euskal Herriko hamaika txokotan emanaldi asko eskaini ahal izan dituztela azaldu du Marigilek, nahiz eta pandemiak horietako batzuk oztopatu dituen: "Hasiera zaila egin zitzaigun; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eman behar genuen ikuskizuna, adibidez, bi aldiz atzeratu behar izan genuen. Hala eta guztiz ere, iaz herri askotan egin ahal izan genuen dantza".
Jendearengandik jaso duten erantzuna ere "oso ona" izan dela dio dantzariak: "Jaso ditugun kritikak positiboak dira, eta ikus entzuleen harrera ere bai. Beti da positiboa garai hauetan dantzatzen jarraitu ahal izatea eta herrietatik ikuskizuna egiteko deiak jasotzea". Ildo beretik, obraren laguntzaile den Mundubira 500 Elkano fundazioko kideengandik ere "feedback ona" jaso dutela azaldu du Marigilek: "Haien laguntzarekin emanaldi bat egin ahal izan genuen Getarian, eta asko gustatu zitzaien emaitza. Fundazioarekin lankidetzan jarraitzeko asmoa dugu etorkizunean izan ditzakegun proiektuetan ere".
Momentuz, Azkoitikoa da Kresala dantza taldeko kideek lotuta duten azken azken emanaldia, baina Amoria & Dolore ikuskizunaren birarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute. Gainera, proiektu berriak ere eskuartean dituztela azaldu du Marigilek, nahiz eta oraindik ez duten horien berri emango. Dagoeneko eskuragarri daude Azkoitiko Udalaren webgunean Amoria & Dolore ikuskizunerako txartelak, eta 8 euroren truke eskura daiteke txartel bakoitza. 19:00etan izango da emanaldia, Baztartxo antzokian.