Durangoko 56. Azoka

Bulego taldea: "Azokan fisikoki egongo garen lehen aldia izango da aurtengoa"

Anartz Izagirre 2021eko abenduaren 3a

Gaur hasiko da Durangoko Azokaren 56. edizioa, eta hilaren 8a bitartean, liburuak eta diskoak erosteko aukera izango da. Tartean izango dira eskualdeko artisten lanak ere; adibidez, Bulegoren diskoa eta Nerea Mendizabalen liburua.

Ia bi urte igaro dira zuen lehen singlea plazaratu zenutenetik. Zer aldatu da ordutik?

Ilusio handiarekin ekin genion proiektuari, eta Hegan abestiarekin sorpresa handia hartu genuen, jende askorengana iristea lortu genuelako; feedback horrek ekarri du guk profesionalizatzeko esfortzu bat egitea. Sentipena dut harridura konstante batean gaudela; pauso bakoitzarekin gauza berriak deskubritzen ari gara, oraindik ere hasierako ilusio berarekin. Orain dela urtebete gure kontzertuetara azkoitiarra ez zen jendea etortzea sekulakoa iruditzen zitzaigun; oraindik ere harritu egiten gaitu.

Gaur kaleratuko duzue Erdian oraina deituriko zuen lehen diskoa. Nola sentitzen zarete?

Aspalditik genuen diskoa ateratzeko gogoa. Gaur egun talde askok singleak edo EPak kaleratzen dituzte, baina guk, musika egile nahiz kontsumitzaile bezala, diskoa atera nahi genuen; ganoraz, gainera, dena emanda. Mimo handiarekin landu dugu diskoa, eta orain jendeak nola hartuko duen zain gaude. Esku artean duguna nahi genuen diskoa da, eta inguruko profesionalei esker da hori horrela. Irrikitan gaude ezkutuan egon den material hori jendeak ikusteko.

Euskararen Egunean atera duzue diskoa. Zer garrantzi du zuentzat euskaraz abesteak?

Euskaraz abestea guretzat ez da bereziki planteatutako zerbait, gure identitatearen parte baita. Taldekideok euskaraz hitz egiten dugu elkarrekin, euskaraz egiten dugu egunerokoa, lana… Hasieratik horrelaxe atera zitzaigun, eta hala jarraitzeko asmoa dugu; arraroa egingo zitzaigukeen gazteleraz edo ingelesez abestea. Horrez gain, euskara gure kulturaren parte den aldetik, iruditzen zait ondo datorrela euskararen alde gure alea jartzea. Dena den, naturalki atera zaigun zerbait izan da.

Sare sozialetan adierazi duzuenez, 40tik gora emanaldi eskaini dituzue. Ez da zifra makala denbora gutxi daraman talde batentzat. Zein da sekretua?

Ez dakit zein izan den sekretua. Lehenengo abestia atera genuenetik pasatu zaiguna sorpresa bat izan da guretzako. Eta kontzertuak ere sekulakoak izan dira guretzat. Urte arraroa izan arren, 40tik gora kontzertu eman ditugu, beste musika talde asko geldirik egon direnean. Egia da emanaldiak ez direla izan pandemia aurretik ziren bezalakoak, baina guri hazten joateko eta zuzenekoak hobetzeko aukera eman digu. Orain ea honek aurrera jarraitzen duen, jada zuzenekoetarako prestatuta harrapatuko gaitu behintzat.

Durangoko Azokan izango zarete. Azokan fisikoki egongo zareten lehen aldia izango da, gainera. Zer espero duzue?

Urtero egon ohi gara Durangoko Azokan kontzertuak entzuten, diskoak erosten… Eta gu, aurten, ilusioz beteta goaz. Garai arraroak izaten ari dira, proiektua jaio zenetik maskararekin-eta egon garelako, konfinatuta… Guk oraindik ezagutzen ez dugun normaltasun bat ezagutzen ari gara; kontzertuak tente egitearekin, adibidez, gozatzen ari gara. Durangoko Azokan gauza bera; iaz egon ginen azoka birtualean, baina fisikoki han egongo garen lehen aldia izango da aurtengoa. Ez dakigu nolakoa izango den. Denek esaten digute musika taldeentzat oso intentsoa izaten dela azoka, eta dagoeneko ari da izaten. Gainera, azokako lehenengo kontzertuetako bat guk emango dugu, bihar. Hantxe egongo gara, eta ikusiko dugu dena nola joaten den.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide