Azaroaren 28an, igandea, eskuz binakako txapelketako pilota partidak jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Promozio mailako eta lehen mailako eskuz binakako txapelketetako partidak izango dira herriko pilotalekuan.
Pilota enpresek oraindik ez dute jakinarazi promozio mailako partidan zein pilotari ariko diren, baina bai lehen mailako partidan zein izango diren protagonistak. Baiko eta Aspe pilota enpresek gaur aurkeztu dute eskuz binakako pilota txapelketa, eta aurkezpenean jakinarazi dituzte lehian ariko dira zortzi bikoteak zein pilotarik osatuko dituzten.
Aspe enpresako bi bikotek neurtuko dituzte indarrak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Hain zuzen ere, Elezkano II.a-Zabaleta iazko bikote txapeldunak eta Irribarria-Rezusta bikotea izango dira aurrez aurre herriko pilotalekuan. Sarrerak oraindik ez daude eskuragarri, baina datozen egunetan jarriko dituzte salgai Entradas Fronton webgunean.