Danbor hotsak itzuli dira Azkoitira

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 4a

Azaroaren 20ko helduen danborrada prestatzeko lehen entsegu saioa egin zuten atzo, asteazkena, iluntzean Gurea pilotalekuan. Datorren zapatuan izango dute bigarrenerako hitzordua danborradako taldeek, toki berean, baina 11:00etan.

Bi urte eta gero, danbor hotsez bete da berriro Gurea pilotalekua. Iaz COVID-19ak eragindako osasun larrialdiagatik bertan behera gelditu zen helduen danborrada berreskuratuko du aurten Azkoitiak San Andres jaien atarian, eta festa hori prestatzeko lehen entsegua atzo, asteazkena, egin zuten danborradako taldeek.

Lehendabizikoa izateko, nahiko jendetsua izan zen Gureako saioa. Gogotsu aritu ziren danborradako taldeetako kideak, maskarak soinean. Azaroaren 20an egingo dute aurtengo danborrada, eta atzokoarekin hasita, ordura bitarteko larunbat, astelehen eta asteazken guztietan entseatuko dute danbor-jotzaileek pilotalekuan, guztira zazpi saio osatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide