Azkoitiko Udalak, Herrixen merkatari elkartearekin lankidetzan, bonu kanpaina jarri du martxan, Piztu Herrixe lelopean. Horren bidez, herritarrek 30 euro ordaindu eta hamar euroko sei bonu jasoko dituzte; hori hala, erosleak 30 euro aurreztuko ditu bonu bakoitzeko.
Internetez nahiz aurrez aurre erosi ahal izango dira bonuak. Online eskuratu nahi duenak, www.azkoitia.eus eta www.dendago.com atarien bidez egin daiteke; bestela, bihar, ostirala, Kontzejupean egongo dira bonuak saltzen, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu erosi ahal izango ditu, eta beraz, 60 euro aurreztu.
Aurreko edizioetan bezala, antolatzaileek sektore guztietara zabaldu dute kanpaina, eta beraz, erabiltzaileek bonu bakoitza sei sektoretan erabili beharko dute. Egitasmoan parte hartu duten saltokiek kartel bat jarriko dute dendaren kanpoaldean, erosleek jakin dezaten bonuak han erabil ditzaketela.
Kanpainaren helburua da merkataritza txikiari laguntzea, eta horretarako, guztia 666 bonu kaleratuko dituzte. Herriko 150 saltoki inguruk parte hartu dute egitasmoan.