Sorotan Bele taldearen abestiekin gozatu dute azkoitiarrek

Andoni Elduaien 2021eko urriaren 17a

Baztartxo goraino bete zen atzo 'Sorotan Bele Gogoan' ikuskizuna bertatik bertara jarraitzeko. Herritarrek gozatua hartu zuten 90. hamarkadako euskal musika entzutetsuenetako bat aurrez-aurre entzunda.

Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Sorotan Beleko Gorka Sarriegi nahiz Urbil Artola taldekide ohiek 'Sorotan Bele Gogoan' izeneko kontzertua eskaini zuten atzo, larunbata, Baztartxo antzokian. 19:00etan hasi zen emanaldia, eta neurri murriztailerik gabeko lehen emanaldia izanik, leporaino bete zen herriko antzokia.

Sorotan Bele Gogoan musika ikuskizunak gorazarre egin zion atzo, Azkoitian 1990eko hamarkadan Euskal Herriak izan zuen folk-pop talderik gogoangarrienetakoari. Musika taldeak hiru disko entzutetsu argitaratu zituen, eta haien kantu asko ereserki bilakatu dira gerora. Baztartxoko eszenatokian horietako gehienak eskaini zituzten musika bandak eta bi taldekide ohiek. Ikus-entzuleek gogotik gozatu zuten duela hamarkada batzuk horren entzutetsu egin zen taldearen musikarekin.

Emanaldian batutako diru guztia, gainera, CDKL5 urritasunagatiko sindromea duten pertsonen alde lan egiten ari den elkarteari emango diote dohaintzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide