Azkoitia karatearen hiriburua bilakatu da. Abian da Espainiako Karate Ligako jardunaldia, eta goizean goizetik, Elkargunean ari dira kata, kumite eta parakarate modalitateetako kirolariak lehiatzen. Gaur mutilak arituko dira tatamien gainera, baina bihar, igandea, nesken txanda izango da. Anaitasuna Kanku karate klubak eta udalak bultzatuta, Euskadiko eta Espainiako Karate Federazioek antolatu dute Azkoitiko jardunaldia.
Guztira, 650 karateka inguru elkartuko dira gaur eta bihar artean Azkoitian, eta horiekin batera etorri diren laguntzaileak zein senitartekoak kontuan hartuta, 1.000 lagun baino gehiagok bisitatuko dute herria. Anaitasuna Kanku karate klubeko zenbait ordezkari ere ari dira txapelketan lehiatzen. Hain zuzen ere, Manex Platero, Kalare Olaizola, Markel Piris, Felix de la Cruz, Rafael Ibañez eta Rordigo Ibañez dira lehiatzen ari direnak.
Dagoeneko jokatu dituzte kata eta parakarateko finalak Elkargunean, eta Anaitasuna Kanku karate klubeko Felix de la Cruz azkoitiarrak, esaterako, brontzezko domina eskuratu du parakarate modalitatean. Arratsaldean jokatuko dituzte kumiteko finalak, 18:15etik aurrera, eta lehia amaitu ondoren banatuko dituzte dominak. Bihar, igandea, goizean goiz hasiko dute neskek lehia, eta 16:15erako aurreikusi dituzte final nagusiak.