Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Sorotan Bele taldeko Gorka Sarriegik zein Urbil Artolak kontzertua emango dute etzi, larunbata, Azkoitian; 19:00etan izango da emanaldia, Baztartxo antzokian. Sorotan Bele musika taldea lehen entseguak egiten hasi zenetik 30 urte bete ziren iaz, eta horren harira, Sorotan Bele Gogoan izeneko kontzertuak ari dira eskaintzen Sarriegi eta Artola hainbat txokotan. Era berean, Azkoitiko Udal Musika Bandaren 150. urteurrena ere gogoratuko dute emanaldian.
Ikuskizunak gorazarre egin nahi dio 90eko hamarkadan Euskal Herriak izan zuen folk-pop talderik gogoangarrienetako bati. Musika taldeak hiru disko entzutetsu argitaratu zituen bere ibilbidean zehar, eta haien abesti asko ereserki bilakatu ziren herrialde osoan. Taldea desagertu arren, kantu asko geratu dira betiko euskal musikaren eta kulturaren despentsan.
Sarrerak salgai daude dagoeneko Azkoitiko Olaberri tabernan, bost euroren truke. Bildutako diru guztia CDKL5 urritasun sindromea duten pertsonen alde lan egiten ari den elkartearentzat izango da. Halaber, O butaka izenarekin, dohaintzak egiteko aukera ere eskainiko dute, honako kontu korronte zenbakian: ES80 2100 5039 8602 0005 1271.
Doinu zaharrak agertokira
Larunbatekoa ez da izango Sorotan Bele Gogoan ikuskizuna eskaintzen duten lehen aldia. Izan ere, Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak beste udal musika banda batzuekin ere kolaboratu izan dute oholtza gainean. Sarriegiren arabera, Xabier Zabala musikari zarauztarrari otu zitzaion Hondarribiko talde mitikoaren abestiak berriro ere agertokira bueltatzearen ideia: "Zabalaren ideia izan zen Sorotan Beleren lehen diskoko abestiak udal musika bandek jo zitzaten prestatzea, ondoren, guk ere haiekin batera abesteko". Zabalak askotariko abestien hainbat moldaketa egin izan ditu musika bandentzat zein orkestrentzat, eta hondarribiarrekin jarri zen harremanetan.
Sarriegik nabarmendu duenez, Zabala bera udal musika bandetako musikariekin eta zuzendariarekin bildu ohi da abestiak prestatzeko, eta, ondoren, Sarriegi eta Artola musikariekin biltzen dira entseatzeko: "Urbilek eta biok aukera izaten dugu egun batzuk lehenago musika bandetako ordezkariekin entsegu orokor bat egiteko, eta emanaldiaren egunean bertan berriro entseatzen dugu soinu probak egiten ditugun bitartean".
Hondarribiko taldearen abestirik famatuenak entzun ahal izango dira Azkoitiko kontzertuan, eta Sarriegik dio oso gustura daudela emanaldia ikus-entzuleengan izaten ari den erantzunagatik: "Sorpresa hartu dugu ekitaldiak izan duen harrerarekin. Guretzako oso une hunkigarria izaten da, batez ere jendearen erantzuna nolakoa den ikusten dugunean. Hainbeste urte pasatu arren jendeak abesti horiek horrela oroitzeak asko hunkitzen gaitu, eta oroitzapen asko etortzen zaizkigu gogora".
Udal Musika Banda, prest
Azkoitiko Udal Musika Banda dagoeneko larunbateko emanaldia prestatzeko lanetan buru-belarri sartuta dago, eta taldea "gogo handiz" dagoela azaldu du Carlos Muñoz zuzendariak. "Azkoitiko Udal Bandaren 150. urteurrena ospatzeko zerbait berezia egin nahi genuen herrian, eta aukera ona iruditu zitzaigun Sorotan Bele Gogoan ikuskizunean parte hartzea". 2018. urtean bete zituen musika bandak 150 urte, eta urtemuga horren harira, hainbat ekintza egin zituzten; esaterako, Irene Elorza kazetariak idatzita, musika bandaren historia biltzen duen Gu, banda liburua argitaratu zuten.
Muñozek adierazi duenez, musika bandarentzat "erronka handia" ari da izaten emanaldirako guztia prestatzea: "Larunbatean dena ondo joatea espero dugu. Taldearentzat erronka handia izaten ari bada ere, ondo ari gara moldatzen". Bestalde, zuzendariak azpimarratu du azkoitiarren aurrean zuzeneko kontzertua emateko gogoa ere badutela: "Orain dela gutxi kalejira bat egin genuen herrian, eta plazaz plaza joan ginen jotzen. Zuzeneko kontzertua, ordea, ez naiz oroitzen azkenengoz noiz eman genuen. Polita izango da".