Gutxitan ikusi den neurriko karate ekitaldia izango da asteburuan Azkoitian; izan ere, Espainiako Karate Ligaren jardunaldia jokatuko dute Elkargunean hainbat eta hainbat karatekak. Anaitasuna Kanku karate klubeko Juan Murillok hasieran Azkoitian 500 parte hartzaile elkartuko zirela aurreikusten bazuen ere, azkenean 600 kirolari inguruk eman dute izena. "Jaso dugun erantzuna paregabea izan da, sekulako parte hartzea izango baita. Azken finean, urteetan klubak egin duen lanari egindako aitorpena da guretzat. Jendeak ezagutzen gaituen seinalea da hori, eta, aldi berean, ona izango da herriarentzat".
Espainiako Karate Liga lau jardunalditan dago banatuta, eta horietako bat da Azkoitian jokatuko dutena. Hain zuzen ere, bigarren faseari dagokion saioa jokatuko dute kadete eta senior mailetako nahiz parakarateko karatekek. Larunbatean, 09:00etan hasiko da lehia, eta egun osoan zehar jokatuko dituzte karate borrokaldiak. Lehen egun horretan, gizonezkoak izango dira protagonista tatamien gainean. Igandean, berriz, Iberdrola Ligako emakumeek parte hartuko dute, eta eguerdi aldera arte luzatuko da lehia. Anaitasuna Kanku karate kluba ere Elkargunean izango da. Hain zuzen ere, kadete mailako bi karatekak, senior mailako hiruk eta parakaratean aritzen den taldekide batek parte hartuko dute jardunaldian.
"Lan handia" atzean
Espainiako Karate Ligako jardunaldia Azkoitira ekartzeko "lan handia" egin du herriko Anaitasuna Kanku karate taldeak, baita Murillo klubeko arduradunak ere. Euskadiko Karate Federazioko Gradu Saileko egungo zuzendaria da Murillo, baita Espainiako Karate Federazioko teknikaria ere. Hark dioenaren arabera, "urte askoan" klubak egin dituen saiakeren ondorioz lortu dute jardunaldia herrira ekartzea. "Apustu handia egin dugu jardunaldia Azkoitian egin ahal izateko. Udalean proposamena egin genuen Euskadiko Karate Federazioko presidenteak eta biok, eta babestu egin du egitasmoa udalak".
Aldi berean, asteburuan Azkoitian egingo duten gisako jardunaldiak antolatzea "lan zaila" dela aitortu du Murillok. Espainiako eta Euskadiko Karate Federazioen "aintzatespena" jaso du Anaitasuna Kanku karate klubak haren aburuz, urteetan zehar egindako "lan ona" eta beren "profesionaltasuna" aitortuz.
Aitzitik, Murillok azaldu du askok egin izan dutela karate jardunaldia beren herri eta hirietan antolatzeko eskaria; horien artean azkenak, esaterako, Donostia eta Bilbo. Horrelako jardunaldiek ekonomia "asko" mugitzen dutela dio Kankuko arduradunak. "Azkoitian eta inguruan ez dugu azpiegitura handirik eta pena da, baina inguruko herriak, hala nola Elgoibar, Eibar, Zumaia edota Zarautz, onuradunak izango dira. Alde horretatik ere pozik nago".
Ekitaldia behar bezala atera dadin, karate klubekoak buru-belarri ari dira lanean, asteburuko jardunaldiaren prestaketan eta antolakuntzan murgilduta. Halere, hilaren 15era arte ez dituzte tatamiak Elkarguneko kantxan jarriko; izan ere, 100 metro koadroko lau tatami jarriko dituzte zoruan. Asteburuan, beraz, kata, kumite eta parakarate modalitatetako lehiaketetan aritzen diren kirolari onenak ikusi ahal izango dira Azkoitian.