Aurrekusi baino lehenago itxi dute Azkoitiko 3x3 Futbol Festan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2021eko urriaren 7a

Antolakuntzak hasiera batean izen-ematea urriaren 10era arte, igandea, irekita mantentzeko asmoa azaldu zuen, baina, gaur ohar bidez jakinarazi du dagoeneko itxi dutela festan parte hartzeko epea. 170 taldek eman dute izena, eta 700 haur baino gehiago bilduko dira hilaren amaieran herrian.

3x3 Futbol Festan parte hartzeko izen-emateko epea amaitu da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 170 taldek eta 700 haur baino gehiagok eman dute izena urriaren 30ean, 31n eta azaroaren 1ean Azkoitiko plaza nagusian egingo den futbol festarako.

"Izugarrizko arrakasta" izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta parte hartzaileen zein gurasoen erantzuna "bikaina" izan dela nabarmendu dute. Era berean, azaldu dute partiden egutegiak egin eta itxi ondoren, izen-emate orrian talde bakoitzak zehaztutako posta elektronikoetara bidaliko dituztela ordutegiak.

Halaber, Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek hilaren 28an, osteguna, jaso beharko dituzte futbol festan jantzi beharko dituzten kamisetak. Egun horretan, Kontzejupen banatuko dituzte elastikoak, 17:00etatik aurrera. Hala eta guztiz ere, gainerako herrietako taldeek ere izango dute urriaren 28an kamisetak jasotzeko aukera; bestela, lehen partida jokatzen duten egunean jasoko dituzte; dominen banaketa partiden egunetan egingo dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide