Azkoitia eta Urretxu arteko errepideko obrak tarteko, informazio kanal berriak ireki ditu Aldundiak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 2a, 12:42

Gipuzkoako Foru Aldundiak Twitter kontua gaitu du GI-631 errepidearen egoera zein den azaltzeko. Era berean, telefono zenbaki baten bidez ere kontsultak egin ahalko dira.

Errepidean aurreratzeko zati bat eraikitzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia GI-631 errepidean (Azkoitia eta Urretxu bitartean) 26,6 eta 27,8 kilometroen artean. Lanek, ordea, hainbat eragozpen sortzen dute errepidean, besteak beste, erabat itxita egon ohi baita hainbat egunetan. Horren aurrean, Aldundiak kanal berriak gaitu ditu, errepidearen egoera erreala zein den erabiltzaileei jakinarazteko. 

Alde batetik, @631-Aizpurutxo izeneko Twitter kontua jarri du martxan Aldundiak. Bertan ezagutu ahal izango da errepidearen egoera zein den denbora errealean. Halaber, Whatsapp sare sozialeko banaketa zerrenda bat ere indarrean du Aldundiak. Whatsapparen bidez errepidea noiz itxiko eta irekiko duten jakinaraziko dute. Zerrendara batzeko interesa duten erabiltzaileek, 672 69 05 64 telefono zenbakira mezu bat bidali beharko dute.

Era berean, Aldundiak adierazi du galtzadara sartu nahi duten ibilgailuen erabiltzaileek gogoan izan beharko dutela errepidea irekita dagoen bitartean ibilgailuek bi noranzkoetan jarraituko dutela garraiatzen, beti ere txandaka eta semaforoek kontrolatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide