Gaizka Etxaniz (Azkoitia, 1983) artzainak eta Ira txakurrak Euskal Herriko Arraza Libreko Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute bihar Zornotzako (Bizkaia) Jauregiberriako belardian. Gipuzkoako txapelketa irabazi zuten Etxanizek eta Irak, eta ondorioz, Euskal Herriko txapelketara sailkatu ziren. Etxanizek "ezustean" jantzi zuen Gipuzkoako txapela, eta biharko hitzordura "lasai" joan nahi du, "lan ona" egitera.
Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketa irabazi zenuen duela bi aste, Zestoan. Nola joan zen eguna?
Txakurra oso lasai zegoela ikusi nuen. Orain arte hiru txapelketatan parte hartu du, eta hiruretan ikusi dut oso lasai. Ni txakurra baino urduriago nengoen saioa hasi aurretik; une horretan nuen beldur bakarra zen lehiatzen lehena ni izatea, eta halaxe egokitu zitzaidan. Lanean hasi ginenean, lehen banderak oso ondo pasatu genituen, baina txakurra bigarren banderen parera iritsi zenean, gogoratu nintzen bandera artetik pasatu beharra zuela. Txakurra joan behar zuen tokitik igaro zen, eta ondo atera zen guztia. Horrek lasaitu egin ninduen pixka bat, eta oso lan ona egin genuen.
Bihar, Euskal Herriko Arraza Libreko Artzain Txakur Txapelketako finala duzue Zornotzan. Zein dira zuen asmoak?
Asmoa artzain txakur txapelketa irabaztea da, baina oso zaila ikusten dut. Iaz bizkaitar batek irabazi zuen txapelketa, eta harez gain, Bizkaiko txapelketatik sailkatu diren beste hiru artzainek ere parte hartuko dute bihar. Gipuzkoako txapelketan, lehen hiru sailkatuak lau punturen bueltan ibili ginen. Horregatik, oso maila altua egongo dela uste dut. Gure lana ondo egitera joango gara; izan ere, parte hartzaile guztiak antzera ibiliko garen irudipena dut. Zorteak eragin handia izango du, eta akats txiki bat egitea nahikoa izango da sailkapenean atzean gelditzeko.
Noiz hasi zinen artzain txakur txapelketetan?
Lehendabizikoz, 16 urte nituenean parte hartu nuen txapelketa batean. Joxe Osinalde aitona ibili izan da beti artzain txakur txapelketetan, eta txiki-txikitatik harekin ibilitakoa naizenez, hari esker ditut gustuko halako txapelketak. Gainera, aitonak nazioarteko txapelketa ere eskuratu zuen Oñatin [Gipuzkoa]. Orduan, euskal artzain txakurrekin parte hartzen genuen, baina, hiru urte eta gero, utzi egin genien txapelketei. Harrezkero ere ibili izan naiz txakurrekin, baina orain ikusi dut dezenteko txakurrak ditudala etxean. Arraza libreko txapelketek nola funtzionatzen zuten ezagutu eta lehiatzen hastea erabaki nuen. Iaz, Etxanon [Zornotza] egin genuen lehen erakustaldia Ira txakurrarekin. Aurten, berriz, bi erakustaldi egin ditut txakur berarekin. Halere, beste txakur bat ere prestatu dut txapelketetarako, eta harekin erakustaldi batean parte hartu dut.
Zeuk ere ikasi egin beharko zenuen artzainaren ofizioa.
Mundu honetan ikasi dudan guztia aitonari zor diot, eta ez artzain txakur txapelketei lotuta bakarrik. Lehiaketen aurreko egunetan ere asko oroitzen naiz harekin. Gauza asko irakatsi zizkidan txapelketen inguruan, baita txakurraren inguruan ere. Nolabait esatearren, aitonak sartu zidan artzain txakur lehiaketetarako harra. Azken finean, txakurra ulertu egin behar da; nik txakurra ezagutu behar dut, eta txakurrak ni, txapelketetakoa bion arteko lana baita.
(Argazkia: Andoni Elduaien)Ira txakurrarekin joango zara Euskal Herriko txapelketara. Zer-nolako txakurra duzu?
4 urteko txakur emea da Ira. Oso apala da, eta eramateko oso erraza. Bere buruarekin egundoko konfiantza duela ikusten dut, eta niri ere hori transmititzen dit. Horregatik, Irak eta biok bikote ona osatzen dugula iruditzen zait. Segurtasuna erakusten du ardien aurrean, eta horrek lasaitu egiten nau lanean hasitakoan.
Nolakoa izan ohi da txakurrak ardiekin ohitzeko prozesua zuen etxean?
Txakur guztiekin berdin jokatzen dut. Ira, esaterako, etxean jaio zen; etxeko txakur eme baten eta Manuel Gorriti artzainaren ar baten kumea da. Lau hilabete betetzen dituztenean arditara bidaltzen ditut, eta arditarako duten sena nolakoa den ikusten dut. Ondoren, beste hilabete batez-edo ez ditut berriro ardiengana eramaten. Zortzi edo bederatzi hilabete dituztenean hasten naiz berriz ere poliki-poliki txakurrak arditara eramaten. Ez zait gustatzen txakurrei urtea bete aurretik presioa sartzea, helburua txakurra ardiekin gustura ibiltzea baita.
Zer egiten zaizue zailena txapelketetan?
Niretzat zailena urduritasunari eustea izaten da. Txapelketan egin beharreko antzerako lanak egiten ditugu etxean, eta etxean ondo lan eginez gero, beti dago txapelketetan ondo ibiltzeko aukera. Lehen esan ohi nuen zailena txakurra banderen artetik pasatzea egiten zitzaidala, baina orain kasik banderak pasatzen ditu ondoen txakurrak. Ardiak nolakoak tokatzen diren ere kontuan hartu behar izaten da.
Artzainok txakurrekin hizkuntza berezia erabili ohi duzue txapelketetan. Nola komunikatzen zarete?
Normalean, artzain guztiok antzerako hitzak erabiltzen ditugu. Nik orain arte keinu bidez agintzen nion txakurrari; izan ere, 16 urterekin ez nekien zein zen txakurrarekin erabili beharreko hizkuntza. Duela bost-sei urte hasi nintzen txakurrei ezkerrera edo eskuinera joateko hitzez agintzen; nik eskuinera joateko eskubi hitza darabilt, eta ezkerrera joateko ker. Bi hitzak e hizkiarekin hasten direlako eta txakurra ahalik eta gutxien nahasteko egiten dut horrela. Gainerakoan, etzan, toz eta atzera hitzak ere erabiltzen ditut.
Ardiek eragina izan dezakete txapelketetan. Zer motatako ardiak dituzu nahiago?
Biziegiak baino nahiago ditut ardi lasaiak. Ez dit gehiegi axola txakurrekin asko ibilitakoak badira eta hesatera nahiz eskortara sartzeko denbora behar badute. Ardiak biziak badira, ordea, txakurra urduri jartzen da. Txakurrak artaldea kontrolatu nahi izaten du, eta ardi biziekin mugimendu biziagoak egin ohi ditu Irak ere. Artzainari txapelketa izorratzeko nahikoa arrazoi izaten dira askotan artaldetik ihes egiten duten ardiak.
Nolako etorkizuna aurreikusten diezu artzain txakur txapelketei?
Badago arraza libreko txapelketetan parte hartzen duen ni baino artzain gazteago bat, baina gainerakoak ni baino nagusiagoak dira. Zaila ere bada; izan ere, etxean ardirik ez baduzu, mugatuta zaude lan hauetarako. Horren bueltan, ezagutzen dut txapelketetarako bere txakurra prestatzeko ardiak nahita erosi zituen artzain bat ere. Gure kasua, ordea, desberdina da. Aitonarekin ibili izan nahiz ardiak eta txakurrak zaintzen txiki-txikitatik. Askoz ere erraztasun gehiago izan ditugu ni bezalako artzainok.