Ramon Zubizarreta 'Landakanda' pandero-jotzaile azkoitiarra hil da

Anartz Izagirre 2021eko irailaren 25a

Gaur hil da, 88 urte zituela. 18 urterekin eman zuen jendaurreko lehen kontzertua, eta ordutik, dozenaka izan dira igaro dituen plazak. Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilariarekin osatu zuen bikotea, eta oso ezagun bilakatu ziren Euskal Herri osoan. Etzi, astelehena, izango da haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian.

Egun goibela da gaurkoa trikiti munduarentzat, Ramon Zubizarreta Landakanda hil baita, 88 urte zituela. Etzi, astelehena, izango da haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. 1932an jaio zen Azkoitiko pandero-jotzailea Landakanda baserrian, eta 18 urterekin aritu zen lehen aldiz jendaurrean panderoa jotzen. Ordutik, Euskal Herriko trikitixaren munduan oso ezagun bilakatu zen Landakanda; izan ere, duela bi urte hil zen Iñaki Garmendia Laja herrikidearekin batera trikitilari bikote ospetsua bilakatu ziren, eta dozenaka abesti ezagun ondu zituzten biek ala biek beren ibilbidean zehar. 2001. urtean, berriz, bikotea utzi zuen Landakandak.

Euskal Herrian ez ezik, herrian ere oso ezaguna zen Landakanda, eta Andramaixetako txupinazoa bota zuen Lajarekin batera 2016an. Horren harira, honako lotura honetan ikus daiteke Maxixatzenek Lajari eta Landakandari egindako bideo elkarrizketa. Bestalde, hark egindako ibilbideari aitortza egiteko asmoz Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Landakanda, panderoaren erregea biografia liburua kaleratu zuen 2011. urtean, Soinuaren liburutegia bildumaren barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide