Sara Beristain: "Erantzukizuna dugu Lesboseko egoeraren aurrean"

Ihintza Elustondo 2021eko irailaren 23a

Sara Beristain, Zaporeakek Lesbosen duen sukaldean.

Nolatan ausartu zara Azkoititik Lesboserako urratsa egitera?

Egun batean Zaporeaken webgunera iritsi nintzen, eta ikusi nuen boluntario gisa hona etortzeko aukera zegoela; bi aldiz pentsatu gabe izena eman nuen, oso ondo jakin gabe nola funtzionatzen zuen kontuak. Abuztuaren hasieran idatzi zidaten irailean libre egongo al nintzen galdezka. Baietz esan nien, eta hemen nago. Hilabete baterako etorri naiz.

Aurrez ba al zenuen horrelako proiektuekiko interesik?

Egia esan, ez naiz oso ondo oroitzen nola eman nuen pausoa. Zaporeaken webgunean sartu eta pixka bat kuxkuxeatzen hasi nintzen. Interesa piztu zidan egitasmoak, eta ausartu egin nintzen. Betidanik izan dut buruan horrelako zerbait egitea, eta orain sortu da aukera. Filosofia ikasi nuen eta irakasle aritzen naiz, baina urte hau pixka bat libre hartzea erabaki dut, eta banuen denbora.

Zer da Zaporeak elkarteak hor egiten duena?

Zaporeakek sukalde bat du Lesbosen, Mitilene hiritik ordu laurden batera edo, errefuxiatuentzako janaria prestatzeko. Egunero lan egiten dugu bertan, astelehenetik igandera. Normalean, 08:00etan irteten gara etxetik, eta sukaldean igarotzen dugu goiza. Arratsaldeak libre izaten ditugu nahi duguna egiteko.

Kanpamenduetan dagoen jendeari zeuek eramaten al diezue jatekoa?

Kanpamendu barrura ez gara sartzen; oso erakunde gutxik dute horretarako baimena. Hortaz, Zaporeakek beste erakunde batzuei banatzen die jatekoa, eta haiek eramaten diete errefuxiatuei. Badaude jateko bila zuzenean gugana etortzen diren batzuk, baina oso gutxi dira. Normalean, beste erakunde batzuen bidez banatzen dugu.

Errefuxiatuekin harreman zuzenik ba al duzue?

Bai. Zaporeakeko boluntarioez gain, hainbat errefuxiatuk lan egiten dute gurekin sukaldean. Lau Zaporeakeko boluntario aritzen gara, eta beste denak Turkiatik iritsi diren errefuxiatuak dira. Sukaldean, denera, hamabost inguru gara; beraz, 11-12 iheslari aritzen dira.

Zer da errefuxiatu horiek kontatzen dutena?

Sukaldean nahiko giro ona dago. Pentsatzen dugu Lesbosera etorri eta denak negarrez aurkituko ditugula, baina azkenean, errefuxiatuek aurrera jarraitu behar dute, nahiz eta hemen harrapatuta egon. Dena den, oso egoera txarrean bizi dira: sekulako diskriminazioa dago, zailtasunak dituzte edozertarako... Sukaldean, behintzat, giro ona sortu dute; Lesbosen ez dute lanerako aukerarik, eta Zaporeaken sukaldeak aukera ematen die aktibo mantentzeko. Denbora guztian beren arazoetan pentsatzen egon beharrean, beste gauza batzuetan aritzeko aukera ematen die proiektuak. Iruditzen zait oso lagungarria dela horrelako egitasmo bat pertsona horientzako, ez bakarrik jatekoagatik, baita elkarrekin egoteko espazio seguru bat eskaintzen dielako ere.

Non zaudete ostatu hartuta?

Zaporeak elkarteak etxe bat dauka Mitilenetik gertu, eta bertan gaude etorri garen lau boluntarioak –Zaporeakeko koordinatzailea eta beste hiru pertsona–. Horrez gain, sukaldean lan egiten duten errefuxiatuak ere bertan daude ostatu hartuta.

Arratsaldeetan zer egiten duzue normalean?

Atseden hartzeko aprobetxatzen dugu, askotan nekatuta egoten garelako, edo kalera irten ohi gara, buelta bat ematera. Gainera, igandeetan, ohitura dugu sukaldeko talde osoa elkartu eta boleibolean jokatzera joateko.

Nongo jendea dago uhartean, batez ere?

Lesbosera iristen diren gehienak Afganistandik etortzen dira, eta ez orain bakarrik, baita talibanek agintea hartu aurretik ere. Sukaldean, berriz, Irango, Afganistango, Turkmenistango eta Kamerungo jendea dago.

Zerk bultzatzen ditu beren herrialdeetatik ihes egitera?

Arrazoi ezberdinek. Erlijioagatik daude asko, kontu politikoengatik ere bai, gerra tarteko iristen dira beste asko, orientazio sexualagatik...

Zer egoerarekin topo egiten dute horra iristean?

Hona iristen dira eta ezin dute hemendik irten, harrapatuta daude. Ofizialki ez da kartzela bat, baina paperik gabe ezin dute lanik lortu, ezin dute ezer egin. Zain daude, beraiekin zer gertatuko den jakin gabe.

Espero zenuen egoera aurkitu duzu, edo badago zerbait harritu zaituena?

Badago gauza bat harritu nauena: guk buruan daukagun irudia da errefuxiatuek egun guztia negarrez pasatuko dutela, baina ahal duten ondoen aurrera egiten saiatzen dira. Umore aldetik, ondo daudela dirudi, baina guk ez dakiguna da denbora luzez egoten direla hemen harrapatuta. Adibidez, badago hemen lau urte daramatzan jendea, ezin irtenda. Hori oso gogorra da, uste nuena baino egoera zailagoak bizi dituzte.

Horrek zer pentsatzera zaramatza?

Azkenean, guk erantzukizuna daukagu egoera honen aurrean. Hau ez da Greziako muga bakarrik, Europako muga da, eta gure ekintzekin eta guk babesten ditugun politikekin, egoera hau bultzatzen dugu era batera edo bestera. Etorri naiz ikusteko benetan zer eragin daukan horrek jendearengan eta ea zer egin dezakegun, pixka bat gure ekintzei buruz pentsatzeko. Entzuten dituzun istorioek barrua mugitzen dizute, eta batez ere, asko pentsarazi didate gure bizimoduari eta gure ekintzei buruz.

Boluntarioen lana garrantzitsua iruditzen al zaizu errefuxiatu horiek hobeto bizi daitezen?

Zaporeak bezalako elkarteek ez zuketeen existitu beharko. Gobernuek eta Europako Batasunak ase beharko zituzketen hemen harrapatuta dauden pertsonen beharrak, baina ez da hala. Errefuxiatuak baldintza txarretan bizi dira, eta hori hobetzeko, momentuan dagoen aukera bakarra erakunde horien lana da. Haien lanik gabe errefuxiatuek ez zuketeen izango ganorazko jatekorik, osasun zerbitzurik...

Urteak dira errefuxiatuen krisia lehertu zenetik, eta gauzak ez dira hainbeste aldatu. Zein da itxaropena?

Ematen du honek luze joko duela. Baina nire ustez, politikoki presioa egin eta geure jarrerak aldatu beharko genituzke. Pertsona hauek gure herrialdeetara iristen direnean, jarrera hobea izan beharko genuke haiekiko, babesten eta laguntzen saiatu beharko genuke, elkarlanean aritu.... Ez da haiei etortzen uztea bakarrik, iruditzen zait gure artean ondo hartzen jakin beharko genukeela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide