Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak urrian hasiko ditu ekintzak

Andoni Elduaien 2021eko irailaren 15a

Bingoa, margolaritza eta josteko tailerrak antolatu ditu datorren hilerako jubilatuen elkarteak. Aurrerantzean, podologoak asteazkenetan eskainiko du zerbitzua, eta elkartearen bulegoa ere egun berean zabalduko dute.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak urritik ekainera bitartean gauzatuko dituen ekintzen berri eman du. Elkarteko egoitza joan den ekainean ireki zuten. Irekita dagoen arren, ezinbestekoa da lokalean osasun neurriak errespetatzea, eta zentzu horretan lokalaren aforoa mugatuta dute; gehienez hogei pertsona egon ahal dira lokalean une berean. Astean lau egunez egon ohi da zabalik lokala: asteartetan, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara. Bertatik azkena ateratzen denak, halaber, udaltzaingoari pasatu beharko dio abisua. 

Azken urteetan bezala, urrian zenbait ikastaro egiteko aukera izango dute elkarteko bazkideek. Astelehenetan eta asteazkenetan kakorratza eta puntua landuko dituzte Begoñarekin, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Astearteetan eta ostegunetan, berriz, margolanak egingo dituzte Xebasekin, 17:00etatik 19:00etara. Azkenik, astearteetan eta ostiraletan, gurutze-puntua eta 'vainica' ikastaroa egiteko aukera izango dute jubilatuek Jaionerekin, 15:00etatik 17:00etara. Irailaren 21ean eta 28an izango da ekintza horietan izena emateko aukera; 25 euro ordaindu beharko da.

Ekintza horiez gain, bingoa ere antolatuko dute Plaza Ondo elkarteko kideentzat. Urriaren 7an hasiko dira saioak Elkargunean, 17:00etan, eta egun indarrean duten protokoloa mantenduko dute. Era berean, elkarteko kideek jakinarazi dute biodantza saioak antolatzeko ahaleginak egiten ari dela batzordea. Bestalde, Ttipi-Ttapa izeneko ibilbide osasungarriekin jarraituko dutela ere argitu du elkarteak.

Podologoaren zerbitzua, asteazkenetan

Plaza Ondok jakinarazi duenez, podologoak eskaintzen zuen zerbitzu eguna aldatu egingo da urritik aurrera. Aurrerantzean, asteartean izan ordez asteazkenean izango da. Bulegoa ere egun horretan, asteazkena, egongo da irekita urritik aurrera, 10:00etatik 12:00etara bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide