Datorren ostegunean, irailaren 16an, Kabiako eta Azkoitiko udal ordezkariak San Jose adinekoen egoitzaren inguruko hainbat puntu aztertzeko bilduko dira udaletxean. EH Bilduk eta Azkoitia Baik Kabiari eskatu diote batzar horretara egoiliarren, senideen eta langileen ordezkariak gonbidatzeko; Kabiak ezezkoa eman die, ordea. Egoiliarren senideek ere uste dute, egoitzan "inplikatutako alde guztiek" parte hartu beharko luketela bileran.
Abuztuaren 27an, egoitzako langileek egoitzan bertan bizi zuten "egoera jasanezina" zela salatu zuten mobilizatuta eta kalera aterata. Eliz atarian bilduta egindako protestan, bai egoiliarren baita haien senideen babesa ere jaso zuten beharginek. Ondoren, Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Baik jakinarazi zuten egoitzako egoerarekin kezka azalduz eta bilerara deituz gutun bana bidalita zutela Gipuzkoako Foru Aldundira eta Kabiara. Horrez gain, azaldu zuten gutun hura sinatzeari uko egin zietela Udal Gobernuko kide diren EAJk eta PSE-EEk.
Abuztuaren 31n jaso zuten Azkoitiko udal talde guztiek hilaren 16an biltzeko Kabiak egindako deialdia. Segidan, EH Bilduk eta Azkoitia Baik egoiliarrekin, senideekin nahiz langileekin hitz egin zuten. Koalizioak hala azaldu du: "Bai haiek eta bai guk beharrezkoa ikusi genuen egoitzako erabiltzaileek eta langileek ere bilera horretan parte hartzea; beraz, irailaren 2an, gure nahia azaltzeko Kabiako Arantza Lekuona gerentearekin jarri ginen harremanetan". Kabiaren aldetik, baina, ezezko erantzuna jaso dute, "tamalez". Erabaki hori ulertezina egiten zaio EH Bilduri: "Ez dugu erabakia inondik inora ulertzen, ezta partekatzen ere. Bilera EH Bilduk eta Azkoitia Baik eskatu arren, EAJ eta PSE-EE udal taldeak ere gonbidatu dituzte egoitzaren inguruko bilerara, eta zergatik utzi dituzte egoitzako egoiliarrak, langileak eta senideak bileratik kanpo haiek dutenean hitz egiteko gehien?". Langileen, senideen eta egoiliarren ordezkariek bileran parte har dezaten ahalegintzeko eskatu dio oposizioak Udal Gobernuari.
San Jose egoitzako egoiliarren senideak ere bat datoz Azkoitia Baik eta EH Bilduk hilaren 16ko bileraren inguruan egindako eskaerarekin, Mari Karmen Elorza senideetako batek azaldu duenez: "Egoitzaren inguruan hitz egiteko, bilera horretan inplikatutako alde guztien ordezkariek egon behar dute. Egoitzaren egoeraz hitz egiteko izanda, zer zentzu dauka gehien inplikatutako aldeak falta izatea bileran?".
Arazoa: langile falta
Elorzaren esanetan, adinekoen egoitzako egoerak «lehenago edo geroago» herritar guztiei eragiten die, eta arazoa ez da gaur egun egoiliar direnena bakarrik. "San Jose egoitzako egoera gero eta okerragoa da, eta han egunero dabiltzanek badakite hori. Egoitzaren egoera aztertzen hasi eta sinistu ezin diren datuak azaltzen dira. Egoera barrutik ezagutu behar da, kanpotik ikusten ez diren gauza asko daudelako han", adierazi du Elorzak.
San Jose egoitzako langileek egoiliarren senideen "babes osoa" dutela azpimarratu du Elorzak: "Gure egonezina azaltzeaz gainera, langileekin bat egiten dugula azaldu nahi dugu, haiek ere egoera honekin gaizki pasatzen ari direlako". Izan ere, Elorzaren arabera, egoitzako arazoaren muina langileak falta izatea da. "Egoitzan gertatzen dena langileen arazoa da, langile faltaren arazoa, alegia. Arazo horrek, noski, egoiliarrengan ere eragina dauka. Gainera, langile falta izatea ez da Azkoitiko egoitzaren arazoa bakarrik, egoitza askotan gertatzen ari dena da hori".
Horregatik guztiagatik, San Joseko egoiliarren senideen arabera, garrantzitsua da datorren osteguneko bileran "interesa duten alde guztiek" parte hartzeko aukera izatea.