Iñigo Aranbarri: "Enpatia sortzea da aktoreon zeregina, eta horretan saiatu naiz"

Ihintza Elustondo 2021eko irailaren 9a

Iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten Lara Izagirreren 'Nora' filma, eta egunotan hasi dira ohiko zinema aretoetan ematen. Azkoitiarra lantaldeko kide da, eta filmaz hitz egin du.

30 urteko emakume batek aitona hil ostean Euskal Herrian barrena egingo duen bidaia kontatzen du estreinatu berri den Nora filmak. Ane Pikazak hezurmamitu du Nora protagonista, eta Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1983) bigarren mailako Joseba pertsonaia. Filmaren nondik norakoak aletu ditu aktore azkoitiarrak.

Joseba pertsonaia gorpuztu duzu filmean. Lara Izagirre zuzendariak adierazi duenez, pertsonaia hori antzezteko aktorea aurkitzea kostatu zitzaion gehien.

Pertsonaiak definitzerakoan, estereotipoetan oinarritzen dela esaten du Larak. Ligatzea gustatzen zaion mutil bat zen berak hasieran planteatzen zuen Joseba pertsonaia, ligatzen asko saiatzen zen neskazalea. Egungo gizartean gai hori pixka bat delikatua denez, halako pertsonaiek gutxiespena sortzen dute berehala. Entsegu-casting bat egin genuen Larak eta biok, eta pertsonaia hori pixka bat moldatzea erabaki genuen. Zirrikitu horretatik sartu nintzen Nora filmaren lantaldera.

Zuzendariak hasieran zuen ideia hori pixka bat moldatu zenuten, beraz.

Berak esaten zidan pixka bat gizatiartu egin nuela pertsonaia, sinesgarria zela antzezpena. Azken finean, gure lana horretan datza; pertsonaiak enpatizagarri egitea da gure egitekoa. Pertsonaia edozein izanda ere, baita hiltzaile bat baldin bada ere, gure lana da ulergarri egitea horretara zerk eraman duen. Enpatia sortzea da aktoreon zeregina, eta horretan saiatu naiz.

Zer moduz moldatu zara Josebaren larruan?

Filmaren alde jarri behar izan dut lan egiterakoan, eta ni bigarren mailako pertsonaia bat naiz film honetan. Protagonistaz aparte, hogei bat bigarren mailako pertsonaia daude. Filmean duzun pisuari neurria hartu behar diozu, eta pisu horren arabera, filmaren zerbitzura jarri. Kasu honetan, protagonista da garrantzitsua, eta nire pertsonaiak protagonistaren istorioa kontatzearen zerbitzura jarri behar du. Josebak Noraren egonezinak entzungo ditu, haren kezkak aditu; Nora entzungo duen pertsonaia da Joseba, berak behar duenerako hor egongo dena. Bien artean sortzen dena sortzen dela, Norari bizi puntu bat edo txispa pixka bat ematen dio Josebak momentu batean.

Zure izaeratik normalean baino gehiago jarri duzu film honetan. Hau da, zure lagunak, zure gertuko jendea... ageri dira bertan. Horrek ez al zaitu deseroso sentiarazi?

Deseroso ez. Film bakoitzak berea eskatzen du; agian, VIII. mendeko gerlari baten rola antzeztea tokatuko zait egunen batean, eta hori nire bizitzatik dezente urrunago egongo da Nora filmeko Joseba pertsonaia baino. Pertsonaia batek nahiz besteak zurekin izan ditzakeen antzekotasunak ezberdinak izan ohi dira, eta Larak errealismo puntu bat bilatzen zuen, interpretazioa nahiko suabe planteatzea, pertsonaiak gehiegi esajeratu gabe... Uste dut denak eragiten duela; giroa ere oso lasaia zen grabaketetan, eta horrek laguntzen zuen erlaxatzen. Dena den, askotan lotsa-edo sentitzen dugu halakoetan: «Maskara gehiegi kenduko ote dut? Azpian dagoena gehiegi ikusiko al da?» bezalako galderak etor daitezke burura. Film honekin lanean hasi ginenean, agian esango nukeen barrukoa gehiegi erakusten zela, baina orain ez zait hori horrela denik iruditzen. Film batzuetan maskara finagoa izaten da eta zure barrukoa gehiago nabarituko da, eta beste batzuetan, berriz, maskara lodiagoa izaten da eta zugandik urrunago dagoen pertsonaia bat antzezten gozatuko duzu. Uste dut biak direla gozamen politak.

Proiektuan parte hartu duen aktoreetako bat izanda, aspaldi ikusiko zenuen filma. Zer sentitu zenuen lana pantaila handian ikusi zenuenean?

Pertsonaia baten bidaia kontatzen du filmak, eraldaketa batera eramango duena. Noraren eraldaketa txiki horietan, gainontzeko pertsonaiak bidelagun izango gara. Azken finean, Norak egiten duen pauso bakoitzean, aurre egiten dion egoera bakoitzean nahiz dauzkan bizipenetan, bidelagun sentitzen da ikuslea. Ikusle bezala, gauza batzuekin gehiago identifikatuko zara, beste batzuekin gutxiago... Gauza kurioso pila bat gertatzen dira, eta egia esan, gozagarri egin zitzaidan filma. Pelikula goxoa iruditu zitzaidan. Protagonistak gutxi kontatzen ditu bere tristurak; konfiantza gehiegi ez daukan jende dezenterekin topo egiten du bidean, eta nahiko azaleko istorioak ikusten dira. Dena den, ikusleak badaki protagonistak zer bizi izan duen, eta polita da sortzen den kontraste hori. Kontatzen duenak baino gehiago, haren erabakiek ematen dute ezagutzera nolakoa den Nora. Gustatu zaitzaidan nola kontatzen den istorioa.

Zu zeu aspaldian zineman aritu gabea zinen, ezta?

Bai. Parte hartu nuen lehen filma Aizpea Goenagaren Zeru horiek izan zen; aspaldiko kontua da hori. Oreinak filmean ere aritu nintzen, baina gero nire zatia muntaiaz kanpo gelditu zen. Era berean, Vitoria, 3 de marzo filmean paper txiki bat izan nuen. Gauza puntualak egin izan ditut, baina zinema ez da asko jorratu dudan esparru bat. Gehiago aritu naiz telesailetan eta antzerkian.

Eta zer moduzkoa izan da zinemara itzulera? Gustura aritu al zara?

Bai, oso gustura. Zineman telesailetako kodea are gehiago pausatzen den sentipena daukat, denbora gehiago eskain diezaiokezulako eszena bakoitzari. Hori oso atsegingarria da, mimoz lan egin dezakezulako.

Honezkero beste proiekturen batean ere murgilduko zinen. Une honetan, zer duzu esku artean?

Paul Urkijok egin behar duen Irati filmean paper txiki bat izango dut, eta gustura nago. Horrez gain, Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanarekin biran jarraitzen dugu, eta obra berri batekin ere hasi naiz, Ados Teatroa konpainiarekin. Oraindik ez dakigu Kopaz kopa edo Kopa artean izena jarriko diogun lanari; oraintxe hasi gara entseatzen, eta hilabete entseatzen eman ostean, urriaren 9-10 inguruan estreinatuko dugu. Entre copas izeneko filmean oinarritutako antzezlana da. Bi lagunen istorioa kontatzen du; bietako bat ezkondu egingo da, eta upategi batera joango dira asteburua pasatzera. Han izango dituzten bizipenak kontatuko ditu obrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide