Azkoitiko Udaleko eta Kabiako ordezkariek bilera egingo dute irailaren 16an, San Jose egoitzaren gaineko zenbait alderdi jorratzeko. Udalak jakinarazi duenez, Kabiaren eta udal gobernuaren artean izandako kontaktuen ondoren, Javier Zubizarreta alkateak eta aipatu organismo publikoko zuzendari Elena Basagoitiak bilera eguna itxi zuten atzo aipatutako egunerako.
Kabiak, Foru Aldundiko Gizarte Politikako departamentuari atxikitako organismoak, bilera deialdia bidali zien atzo goizean alderdi guztietako udal ordezkariei, Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Baik uztailean Aldundira bidalitako idatziari erantzuna emateko. Hilaren 16ko bilera udaletxean izango da, eta Kabiatik Elena Basagoitia zuzendariak, Arantza Lekuona gerenteak eta asistentzia arloko arduradun Ana Zubizarretak parte hartuko dute.
Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak, bestalde, beren "harridura" erakutsi nahi izan dute. Bi udal taldeek batera sinatutako oharrean azaldu dutenez, joan den uztailean gutun bana bidali zieten Kabiako Elena Basagoitia zuzendariari eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari. Koalizioak eta herri plataformak jakinarazi dutenez, Kabiatik bilera egingo zutenaren erantzuna jaso zuten "segituan", baina diputatuaren partetik erantzunik ez dutela jaso adierazi dute. "EH Bilduk eta Azkoitia Baik sinatu genuen gutun hura, EAJk eta PSE-EEk ez zuten beharrik ikusten gutun hura bidaltzeko, egoitzan arazorik ez baitute ikusten. Harritu egin gaitu bilera hori alkatearen kontaktuen ondorioz lortu omen dela irakurtzeak".
Horren aurrean, Udal Gobernuari "beste taldeen lanaz horrela ez jabetzeko" eskatu diote koalizioak eta herri plataformak. "Egoiliarren, egoitzako langileen eta senideen alde lana benetan egin nahi badu, beste taldeekin batera egin dezala, eta ez soilik titular bat atera nahi duenean", azaldu dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik. Hala eta guztiz ere, bi alderdiek bileran parte hartuko dutela jakinarazi dute. "Egoitza duin baten alde lanean jarrituko dugu".