Soprano eta fortepiano kontzertua nahiz liburu aurkezpena izango dira irailaren 11n Azkoitiko Intsausti jauregian

Anartz Izagirre 2021eko abuztuaren 26a

Francesca Lanzak eta Mario Stefanok eskainiko dute emanaldia, 12:00etan hasita, eta aurrez aurre nahiz 'online' ikusi ahal izango da; horrez gain, Esteban Elizondok La musica vasca para organo liburua aurkeztuko du jendaurrean. Ekitaldi nagusiaren aurretik, irailaren 8tik 10era, Elisabetta eta Umberto Debiaggi italiarrek ikastaroa eskainiko dute jauregian hainbat ikaslerentzat.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak musikarekin eta teklatuarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatu ditu irailaren 7tik 11ra bitartean Azkoitiko Intsausti jauregian. Alde batetik, hango fortepianoa zaharberritu zuten Elisabetta eta Umberto Debiaggi italiarrak Intsaustin izango dira irailaren 7tik aurrera, fortepianoaren afinazio lanetan; eta, gainera, irailaren 8tik 10era bitartean —bi egunak barne—, fortepiano eta kalbikordio afinazio eta mantentze ikasketak zuzenduko dituzte bertan hainbat ikaslerentzat.

Ekitaldi nagusia, berriz, irailaren 11n, zapatua, izango da Intsausti jauregian. Izan ere, Francesca Lanzak eta Mario Stefanok soprano eta fortepiano kontzertua eskainiko dute, 12:00etan hasita. Kontzertua aurrez aurre ikusteko aukera izango dute herritarrek, eta horretarako, aurrez erreserba egin beharko da 649 12 48 20 telefonora deituta, edukiera mugatuta egongo baita. Horrez gain, emanaldia sarean ikusteko abagunea ere izango da, honako lotura honetan. Hainbat konpositoreren lanak interpretatuko dituzte bertan Lanzak eta Stefanok; hain zuzen ere, D. Cimarosa, F.J. Haydn, W.A. Mozart eta V. Righini artisten lanak izango dira entzungai.

Kontzertua, baina, ez da egun horretako ekitaldi bakarra izango; izan ere, Esteban Elizondo idazleak La musica vasca para organo liburua aurkeztuko du jendaurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide