Intsausti eremuko hondakinen "arriskuak" azaldu ditu Azkoitia Baik

Anartz Izagirre 2021eko abuztuaren 4a

Jose Joakin Etxaniz zinegotziaren arabera, Intsaustin dauden materialak kaltegarritzat jo ditu Jaurlaritzak. Hondakin horiek hortik "lehenbailehen" ateratzeko eskatu dute.

Azkoitiko Udalean ordezkaritza duen Azkoitia Bai taldeak Intsaustiko industrialdeko pabilioi batean dauden "materialen arriskuaz" ohartarazi ditu herritarrak. Jose Joakin Etxaniz bozeramaileak hedabide honi azaldu dionez, joan zen ekainaren 2an Azkoitiko Udalean izan zen erregistro batek "arreta" deitu zion, Eusko Jaurlaritzak gune hori kudeatzen duen Azkoitia Lantzen sozietateari bertan zeuden materialak handik ateratzeko plan bat aurkezteko eskatzen baitzion txosten batean.

Azkoitia Baik jakin zuenez, Iragaz Watin S.A enpresa Intsaustiko eremuan proba pilotu batzuk egiten ari da nanobiopila bitartez hidrokarburoz kutsatutako lurrak tratatzeko eta garbitzeko, eta 2020ko urtarrilaren 9an enpresa horrek Eusko Jaurlaritzara idatzi bat bidali zuen eremu horretan egiten ari ziren jardueraren berri emateko. Ildo horretatik, Etxanizek nabarmendu du Eusko Jaurlaritza ikuskapen bat egitera joan zela 2021eko apirilaren 27an, eta proba pilotua gauzatzen ari diren eremua ez ezik, eremua "osorik" ikuskatu zutela: "Hiru sektore daude eremu horretan, eta bigarren sektorean ari da Iragaz Watin S.A proba pilotua egiten. Eremu horiek osorik ikuskatu zituzten, eta han egon zen udaleko teknikari bat ere".

Etxanizek jakinarazi duenez, ikuskapen horretako argazkietan askotariko materialak agertzen dira, eta ikuskapeneko txostenetan material horiek "osasun publikorako eta ingurumenarentzako kaltegarriak" izan daitezkeela nabarmentzen da. "Eraikina uralitaz inguratuta dago, eta eraikinaren zati batzuk apurtuta ikusten dira", azaldu du Azkoitia Baiko zinegotziak. Horrez gain, besteak beste, fibrozementua, pinturak, olioak eta bestelako hainbat material agertzen direla jakinarazi du, eta gehitu du material ez arriskutsuak "gehienez bi urte" egon daitezkeela gordeta, betiere "gero balorizatzera eramanda".

Konponbide eske

Etxanizek nabarmendu duenez, Azkoitia Bai ez dago Azkoitia Lantzen sozietatearen barruan, baina auzi hori "lehenbailehen" konpontzeko beharra azpimarratu du: "Intsaustiko eremu hori 2008. urtetik da Azkoitia Lantzenena, baina ez dakigu Iragaz Watin S.A noiztik ari den proba pilotu hori han egiten. Horrez gain, jakin dugunez Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur sozietatearekin dute erdibana eremu hori. Jaurlaritzak eskakizun batzuk egiten ditu txostenean, eta horien artean eskatzen du hondakin horiek lehenbailehen eremu horretatik kentzeko eta horiek guztiak kudeatuko lituzkeen plan zehatz bat egiteko bi hilabeteko epean".

Eskakizuna udalean ekainean sartu zela dio Etxanizek, eta "denbora" pasatu dela ordutik. Herritarrei egoeraren berri ematea erabaki du: "Azkoitia Bai herri plataformaren ustez garrantzitsua da herritarrek hau jakitea, eta horretan saiatuko gara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide