Lehen sektorean 40 urtetik beherako nekazariek enpresa berriak sor ditzaten dirulaguntzak eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira, 507.910 euro bideratu ditu laguntza programara. Horri esker, hamalau gaztek jarriko dituzte martxan proiektu berriak; tartean, Azkoitiko Martirieta auzoko Txibilter (Gibraltar) baserriko Josu (36 urte) eta Asier Garate (34 urte) anaiek.
"Ongi prestatutako eta kualifikatutako gazteei" lagunduta, lehen sektorean belaunaldi aldaketa sustatzea nahiz garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresen sorkuntza bultzatzea dira Foru Aldundiaren helburuak. "Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorerik gabe. Sektore horretako balioei eutsi ahal izateko ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak eta ingumenarekin bat eginda elikagai osasuntsuak eskaintzeko lanean jarraituko dutenak", adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak aurtengo dirulaguntza programaren eta onuradunen berri ematerakoan.
Hamalau izango dira dirulaguntzaren onuradunak; horietatik 11 lehendik martxan ziren ustiategien kargu egingo dira, eta hiruk, berriz, berriak zabalduko dituzte. Onuradunek 39.616 euroko laguntza jasoko dute batez beste; bost urtez laguntza ekonomikoa jasotzeaz gainera, teknikarien aholkularitza eta kudeaketarako laguntza ere jasoko dituzte.
Etxekoari segida
Aurretik etxean martxan dagoen jarduerari helduko diote Txibilter baserriko bi anaiek; izan ere, amaren lekukoa hartuko dute. Etxeko ganaduarekin eta ardiekin lanean jarraitzea eta ustiategiari berrikuntzak gehitzea da haien asmoa, Asierrek azaldu duenez. "Aurten jubilatzen da ama, eta orain arte hark egin duen lanari eustea da gure asmoa. Etxeko jardunari segida emateko asmoarekin heldu diogu proiektu berriari. Anaiak jardungo du batik bat, eta ni laguntzen ariko naiz", azaldu du Asierrek.
Egun, behiak eta ardiak dituzte Txibilterren, eta negurako prestaketa lanetan ari dira sasoi honetan. "Belarretan ari gara batik bat: belarra moztu ondoren, fardoak egiten eta gordetzen. Negurako prest egoteko orain egin beharra daukagu, eta horretarako eguraldia lagun dugun egunak aprobetxatu behar", dio Txibilterreko anai gazteenak.
Okeletarako behiak dituzte, asturiar arrazakoak, eta 50 ardi inguru. Sasoi honetan, mendian dituzte guztiak; ganadua, Martirietatik gora, Gurutzealde bezala ezagutzen duten belardietan. Hantxe bertan larrean dabiltzan abelburuei begira, hala dio Asierrek: "11 bat buru ibiliko dira, asturiar arrazakoak dira hauek denak, gantz oso gutxiko okela izaten dute. Gure asmoa da, ordea, Pirinioetako arrazako buruak hazten hastea".
Orain arte, txibilterrenean bospasei hilabete ingurura arte txahalak hazi eta gero, saldu egiten zituzten gizentzeko. Beren proiektu berriarekin, ordea, ganadua etxean bertan haziko eta gizenduko dute, gero Iraetan dagoen Urkaiko hiltegira saltzeko. "Gehienak Urkaikora saltzeko asmoa dugu, eta harakinen batek eskatuko baligu, baita hari ere. Horretarako, urtean hainbat alditan Eusko Labelekoen kontrolak-eta egin beharko dira, baita hiltegira eramandakoan beste hainbat kontrol ere".
Ukuilu berria
Beren ganadu ustiategiaren proiektua aurrera ateratzeko, Garate anaiak ukuilu berria eraikitzen hasi dira dagoeneko Txibilter baserritik gertu. "Ukuilua lehengo erara, baserri barruan, eduki dugu orain arte. Berria eginda, ukuilua kanpora ateratzea erabaki dugu. Behin ganaduarentzako eta ardientzako ukuilu berria daukagunean, lanerako ere erosoagoa izango da", azaldu du Asierrek. Baina azpiegitura berri hori egitea "gastu handia" dela dio: "Dezenteko gastua du ukuiluarentzako pabilioi berriak, eta dirulaguntzarik jaso gabe egitea oso zaila izango zen. Laguntza ondo etortzen da proiektuari lehen bultzadatxoa emateko; dirulaguntzarik gabe zaila litzateke orain heldu diogun proiektuari eustea. Gainera, aholkularitza jasoko dugu, eta paperak-eta kontu guztiak eramaten lagunduko digute Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehen sektorea laguntzeko programa horri esker".
Inguruak garbi
Baserriko lanari zergatik heldu dioten galdetuta, zera dio Txibilterrekoak: "Orain arte amak jardun du ganaduarekin eta baserriko kontuekin, nahiz eta guk laguntzen genion lan horietan. Orain, hark jubilazioa hartuko du, eta lan horri guk eustea erabaki dugu. Inguruan baditugu lursail batzuk, eta horiek pixka bat garbi izatea ere gauza ederra da. Ganadurik-eta ezer ez badago, mendia eta inguruak laster zikintzen dira; sasiak azkar hartzen ditu bazter guztiak".
Ganaduak "nahiko lan" badu, baina gustura ibiltzen dira Txibilterreko bi anaiak lan horretan. Hala ere, hasieran behintzat, orain bezalaxe tailerrean lan egin beharko du Asierrek: "Igoal, bertatik bizitzeko ez digu emango proiektuak, beraz, tailerrean ordu batzuk egin eta etxean jardun beharko dugu gero. Baserritik bizitzeko ganadu asko ipini behar da, eta lursailak ere behar dira. Eta, orain, ez dauzkagu horrenbeste. Poliki-poliki hasi behar da aurrena, eta aurrerago ikusiko dugu. Ganaduarentzako pentsuaren prezioak gora egiten du beti, eta okela lehengoan mantentzen da. Ea kontu horiek onera egiten duten…".
Txibilterrekoek "asko estimatzen" dituzte baserria eta hari lotutako lanak: "Gauza garen bitartean, gure baserriari eta inguruei heltzekotan-eta lanean segitzeko asmoa dugu. Gainera, ama gustura dago bateren batek baserrian lanean segituko duela jakinda".