Aizpuru III.a erremonteko San Fermin Torneoko txapeldun, Iban Larrañaga txapeldunorde

Andoni Elduaien 2021eko uztailaren 15a

Urrizak eta Aizpuru III.a azpeitiarrak 30 eta 29 menderatu zituzten Ansa II.a eta Larrañaga azkoitiarra. Emozio handiko finala jokatu zuten Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa).

Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrak San Fermin Torneoko txapela jantzi zuen atzo, asteazkena. Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa) jokatu zuten norgehiagoka, 300 zale ingururen aurrean, eta finala emozio handikoa izan zen amaierara arte. Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra, berriz, txapelketako txapeldunordea da.

Aizpuru III.ak Urrizarekin osatu du bikotea San Fermin txapelketan, eta Larrañagak Ansa II.arekin. Txapela gorrientzat edo urdinenentzat izango zen ikusteko amaierara arte itxaron behar izan zuten zaleek; izan ere, amaieran Ansa II.ak eta Larrañagak 29 eta 28ko errenta lortu zuten markagailuan. Hala eta guztiz ere, gorriek lortu zituzten partidako azken bi tantoak, bat bi paretaz eta bestea luze jotako pilotakada bati esker.

Txapelak, beraz, Javier Urrizak eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.ak jantzi zituzten. Txapelketa guztian neurketarik galdu gabe zegoen bikotea, multzokako fasean Juanenea eta Barrenetxea IV.a ere mendean hartu baitzituzten. Txapelketako txapeldunordeak, berriz, Ansa II.a eta Larrañaga izan dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide