Bisita gidatu bana izango da asteburuan Aizarnazabalen eta Azkoitian

Anartz Izagirre 2021eko uztailaren 5a

Larunbatean Aizarnazabalgo San Kristobal ermitara egingo dute bisita; igandean, berriz, Azkoitiko Balda plazatik hasita Loiolara joango dira bisitariak. Bi ekintzak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da.

Joan zen ekainean hasi ziren Iraurgi Berritzenen turismo sailak udarako antolatutako bisita gidatuak, eta asteburu honetan bi bisita izango dira. Alde batetik, larunbatean, hilak 10, Aizarnazabalgo Saiatz auzoko San Kristobal ermita eta inguruak ezagutzeko aukera izango da. Aizarnazabalgo parrokiaren kanpoaldean elkartuko dira bisitariak, 11:00etan, eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du txangoak. Errenazimendu garaiko eraikina da San Kristobal ermita, eta hara bidean baserriak, zelaiak eta itsasoa ikusten diren paisaiak gurutzatuko dituzte bisitariek. Horrez gain, egun horretan erromeria izango da ermitaren kanpoaldean.

Igandean, hilak 11, ere izango da zertaz ikasia eta gozatua. Izan ere, Baldatik abiatuta Loiolara txangoa egiteko aukera izango da, eta Loiolako Ignazioren haurtzaroko dorretxeez gehiago jakiteko aukera edukiko dute bisitariek. Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen parrokiatik abiatuko da bisita, 11:00etan, eta bi orduko iraupena izango duen ibilbidea izango da. Loiolan amaituko da bisita.

Bisitak doakoak izango dira, baina edukieraren muga tarteko, horietara joan nahi dutenek aurrez erreserba egin beharko dute 943-15 18 78 telefonora deituta, i-loiola@urolaturismo.eus e-posta helbidera idatzita edo eskualdeko turismo bulegora joanda (Loiola).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide