Azkoitiko eta Azpeitiko egoiliarrek bizikleta ibilaldia egin dute beren herrietan

Mireia Galarza, Julen Otaegi eta Andoni Elduaien 2021eko ekainaren 30a

'Bizikletaz Adinik Ez' ekimenean parte hartu dute Azkoitiko San Jose egoitzako eta Azpeitiko San Martin egoitzako egoiliarrek. Bizikletari atxikitako aulkietan eserita, irteera egin dute herriko kaleetan barrena, eta aspaldiko partez hainbat txoko gertutik ikusteko aukera izan dute.

Azkoitiko San Jose egoitzako eta Azpeitiko San Martin egoitzako egoiliarrek nahiz egoitzako zenbait langilek irteera egin dute gaur, asteazkena, beren herrietan zehar. Real Sociedad Fundazioaren 'Bizikletaz Adinik Ez' ekimenean parte hartu dute bi egoitzek, eta fundazioko kideen eta egoitzako hezitzaileen laguntzarekin, egokitutako bizikletetan ibilaldia egin dute herriko kaleetan zehar.

Denbora luzez egoitzatik atera gabe egon ostean, Azpeitian gaur goizean egin dute Azpeitiko San Martin egoitzako hainbat egoiliarrek beraien lehen irteera. Egokitutako bizikletetan egin dute ibilaldia egoitza paretik abiatu eta Loiolaraino. Parte hartzaileek aitortu dutenez, "pozgarria" da horrelako ekintza bat egin ahal izatea, egoiliarrek azken urtebete inguruan bizitako ezohiko egoera kontuan hartuta. 

Arratsaldean, Azkoitian

16:00etan abiatu dira guztiak elkarrekin Azkoitiko Oteiza frontoietatik, eta Baztarrikaldean behera eginez, Ibaiondo kalera abiatu dira. Segidan, Aizkibel liburutegi parera joan dira, eta bidegorrian barrena, Julio Urkixo etorbidera atera dira. Handik, berriz ere alde zaharrera itzuli dira eta herriko plazan amaitu dute ibilaldia. Bidean, ordea, gogoan zituzten hainbat txokotan geldialdiak egiteko parada izan dute egoiliarrek, hala nola Berdura plaza, Kontzejupea eta beren lehengo bizilekuak. Kalean ikusitako herritarrek harrera beroa egin diete San Jose egoitzako egoiliarrei, eta horiek ilusioz erantzun diete guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide