Anaitasunako gizonen talde nagusiaren ametsa bukatu da. Bigarren B Mailara –2021/22 denboralditik aurrera RFEF Bigarren Maila– igotzeko fasearen bigarren norgehiagoka jokatu zuten atzo arratsaldean Sestaoko (Bizkaia) Las Llanas zelaian Sestao Riverren kontra, eta 1-0 galdu zuen Xabier Artetxek gidatzen duen taldeak. Ametsa egia bihurtzeko aukera galdu arren, denboraldi paregabea, historikoa, egin dute gorrixek.
Anaitasunako gizonen talde nagusiak bukatu berri duen denboraldian lortutako balentriak errepikatzea ez da lan samurra izango aurrerantzean. Xabier Artetxe entrenatzaileak gidatuta jokatu du Anaitasunak historian aurreneko aldiz Espainiako Errege Kopa, eta Hirugarren Mailatik goragokoan jokatzeko igoera faseko bigarren partidan gelditu da kalera. Artetxek hala adierazi du aste honetan bertan: "Inoiz baino gehiago disfrutatu dugu eta hori zelaian antzeman egiten da, eta jarraitzaileak alboan izan bagenitu, bi aldiz gehiago gozatuko genuen".
Emakumeak ere denboraldia bukatuta
Anaitasunako emakumeen talde nagusiak ere atzo bukatu zuen Euskal Ligako denboraldia. Gorka Zubizarretak gidatutako taldeak atzo goizean jokatu zuen sasoiko azkenengo partida Athletic C-ren kontra, etxean. 0-0 berdindu zuten. Talde honek egindako denboraldia ere "edonola ez ahazteko modukoa" izan dela esan du Anaitasuna futbol klubak.