Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketetara sailkatzea lortu du Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak

Andoni Elduaien 2021eko maiatzaren 20a

Azkoitiarrek 3 eta 0 menderatu zuten atzo Beasain Txerloian, eta multzoburu amaitu dute bigarren fasea. Klubaren historian lehen aldiz, Anaitasunak Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketak jokatuko ditu. Pasaia izango da gorrixen lehen aurkaria igoera lortzeko bidean.

Anaitasunako mutilen lehen taldea Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketetara sailkatu zen atzo, asteazkena, Beasain futbol taldeari Txerloian 3 eta 0 irabazi ondoren. Historia idazten jarraitzen du Anaitasunak. Espainiako Errege Kopa Getaferen aurka jokatu eta liga txapelketa bikaina osatu ostean, klubaren historian lehen aldiz lortu dute gorrixek Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara –RFEF Bigarren Maila datorren urtetik aurrera–  igotzeko kanporaketa fasera sailkatzea.

Beasainen aurka nagusi izan zen une oro Anaitasuna. Lehen zatian, abagune gutxi izan ziren Txerloian, nahiz eta azken metroetara ondo iristea lortzen zuen etxeko taldeak. Halaber, jokoaren ekimena Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldearena izan zen. Golak bigarren zatian iritsi ziren. Atsedenaldian zelairatu zen Ander Arabaolazak ireki zuen markagailua 52. minutuan eskuinez egindako jaurtiketa baten ondoren; aurrelariak langak lagunduta lortu zuen baloia sareetara bidaltzea. Handik sei minutura, 58. minutuan, Julen Aramendik etxekoen bigarrena egitea lortu zuen. Hirugarren eta azken gola, berriz, neurketaren hondarrean iritsi zen. Paseak motzean eta bizi lotu zituzten gorrixek area ertzean, eta Xabi Soraluzek ez zuen hutsik egin area barruan. 

Gorrixek maila aparta erakutsi zuten beste behin, eta sasoirik onenean iritsiko dira kanporaketen fasera. Neurketaren amaieran zelaiaren erdian elkartu ziren jokalariak, eta sailkapena ospatzeko "play-off, play-off" abestu zuten pozarren. Pasaia izango da Anaitasunaren lehen kanporaketako aurkaria, eta Pasaiako (Gipuzkoa) Jesus Mari Zamora futbol zelaian jokatuko dute datorren igandean, maiatzak 23, 17:00etan.

Mailaz talde bakarra igoko da, eta talde horrek hiru neurketa irabazi beharko ditu. Anaitasunak Pasaiaren aurkako kanporaketa gainditzen badu, Sestao River edo Vitoria egin beharko dio aurre bigarren kanporaketan. Mailaz igotzeko behar diren neurketa guztiak partida bakarrera jokatuko dira, eta gainera, Anaitasunak etxetik kanpo jokatu beharko ditu, bigarren fasea ez duelako jokatu onenen multzoan. Neurketako arauzko 90 minutuak jokatuta partida berdinketarekin amaitzen bada, luzapeneko 30 minutu jokatuko dituzte. 120 minutu jokatuta ere irabazlerik ez badago, ez dute penaltirik jaurtiko eta ligan onena izan den taldeak egingo du aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide