Plaza Ondo jubilatuen elkarteak 1.200 bazkide inguru ditu gaur egun. Martxoaren 7an elkartearen zuzendaritza batzordea berritu zuten; hiru kide berri sartu ziren, eta aurretik zeuden beste lauk batzordekide izaten jarraitu dute. Hala azaldu dute batzordeko kideek: "Pandemiak eragindako egoera ikusita, zalantzan egon ginen elkarteko batzar orokorra egin ala ez. Batzordea berritu beharra zegoen, ordea, eta batzarra egitea erabaki genuen. Toki zabalagoan biltzeko Elkargunean egin genuen batzar hura, eta nahiko jende joan zen: 40 pertsona inguru".
Honako hauek dira egun Plaza Ondo jubilatuen elkarteko zuzendaritza batzordea osatzen dutenak: Pilar Zarraga (lehendakaria), Markos Agirre (diruzaina) eta Tomas Agirre (batzordekidea) batzordekide berriak dira, eta lehendik jarraitzen dutenak Maria Pilar Arrizabalaga (ekintzen arduraduna), Lurdes Sudupe (idazkaria), Evaristo Fernandez (bidaien eta bazkideen kudeaketaren arduraduna) eta Jesus Maria Alberdi (aisialdiko ekintzen arduraduna).
Ekintzak eta zerbitzuak
Konfinamenduaren ondoren, hainbat tailer eta zerbitzu martxan jarri zituen Plaza Ondo elkarteak, hala nola eskulanetako eta kontrol mentaleko tailerrak nahiz podologo eta ileapaindegi zerbitzuak; egun ere horiekin jarraitzen dute. Bingoan jokatzeko saioak, berriz, urrian hasi zituzten, baina, Azkoitian COVID-19 kasu positiboen intzidentzia tasa 400etik igo zenean, bingoko saioak eten egin zituzten. "Orain jendea eskatzen ari zaigu bingoa antolatzeko, baina herriko egoerak hobera egin bitartean, ez ditugu saioak antolatuko", azaldu dute argi batzordekideek.
Biodantza tailerra ere ez dute antolatu azken urtebetean, ezta astelehenetan herriko plazan egiten zituzten bilkurak ere. "Biodantzako saioek harrera oso ona zuten eta gustura ibiltzen zen jendea, baina kontaktu askoko jarduera denez, ez egitea erabaki genuen".
Plaza Ondo jubilatuen elkarteak antolatzen dituen bidaiek ere estimazio handia izaten dutela nabarmendu dute batzordekideek. "Jende askok parte hartzen zuen bidaietan. Irailero astebeteko bidaia antolatzen zuen elkarteak; iaz, esaterako, Galiziara joatekoak ginen, baina bertan behera utzi genuen. Txertaketak aurrera egin ahala eta egoerak hobera egiten badu, ea urtearen bukaerarako irteeraren bat antolatzeko aukera dugun, egun batekoa bada ere".
Ekintza batzuk antolatu ezinik egon arren, geldirik ez dago Plaza Ondo jubilatuen elkarteko batzordea. "Ttipi Ttapa egitasmoan parte hartzen dugu, baita Azkoitia Lagunkoian ere", adierazi dute.
Whatsapp taldea
Plaza Ondo jubilatuen elkarteak bazkideei zuzendutako zerbitzu berri bat ere jarri du martxan: bazkideei informazioa zabaltzeko asmoarekin, Whatsapp talde bat sortu du. Talde horretan administrariak bakarrik izango du idazteko aukera. Elkarteari buruzko informazioa jasotzeko bide hori erabili nahi dutenek sakelako telefonoaren zenbakia eman beharko dute elkartean. Horretarako, Plaza Ondo elkartearen bulegora joan beharko dute, astearteetan, 10:00etatik 12:00etara bitartean. "Elkarteko bazkide askok etxeko telefono zenbakia emanda dute, eta, beraz, Whatsappeko taldean sartzeko, eskuko telefonoaren zenbakia jakinaraztera etorri beharko dute bulegora", azaldu du batzordeak.