Azkoitiko Udalak aho batez onartu du udal langileen soldata %0,9 igotzea

Anartz Izagirre 2021eko apirilaren 29a

Atzo, asteazkena, apirileko osoko bilkura egin zuten udaletxean, eta bertan hartu zuten udal langileei soldata igotzeko erabakia.

Azkoitiko Udaleko apirileko udalbatzarra. (Anartz Izagirre)

Azkoitiko Udaleko langileen soldata %0,9 igotzea onartu zuten atzo, asteazkena, apirileko udalbatzarrean. EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin onartu zen soldata igoera, eta aurten ezarriko dute. Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak eman zituen igoeraren gaineko xehetasunak: "Soldatak igotzeko erabakia 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorrek onartzen dituzten irizpideak aintzat hartuta eta EUDEL nahiz Eusko Jaurlaritzaren gomendioak eta onarpena kontuan izanda hartu da".

Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko ordezkaria izan zen hitza hartu zuen zinegotzi bakarra: "Gehienezko igoera %0,9a dela jakinik, eta langileek nahiz sindikatuek bestelakorik esan ez dutenez, proposamenaren alde bozkatuko dugu". Azkoitiak hari erantzunez adierazi zuenez, langileen batzordearekin hitz egin dute igoeraren inguruan, eta ez da erabakiaren kontrako iritzirik izan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide