Urtebeteko etenaren ostean, bueltan da Udaberriko Musikaldia

Anartz Izagirre 2021eko apirilaren 17a

'Hatsaz eta hotsez' kontzertuak irekiko du Azkoitiko Udaberriko Musikaldia maiatzaren 2an. Guztira, bost kontzertu eskainiko dituzte, maiatzeko igande bakoitzean bana, eta aukera zabala izango da entzuleen gozamenerako.

29. Udaberriko Musikaldian arituko da Vocalia taldea.

Urtebeteko etenaren ostean, bueltan da berriro Azkoitiko Udaberriko Musikaldia. Aurtengoa jaialdiaren 29. edizioa izango da, eta egitarau zabala prestatu dute musika klasikoaren zaleen gozamenerako. Maiatzaren 2an izango da lehen kontzertua, Hatsaz eta hotsez deiturikoa. Lehen hitzordu horretan, Thomas Ospital, Oreka TX eta Thierry Biscary izango dira parrokian kontzertua eskainiko dutenak, eta hainbat abesti interpretatuko dituzte agertokian; esaterako, Bateran, Auxotea, Ikusi duzu goizean, Igorreko jotea eta Oi Pello Pello abestiak joko dituzte. Kontzertu horretan, organoa, txalaparta, perkusioa eta ahotsa uztartuko dituzte musikariek.

Hurrengo asteetan ere ez da musikarik faltako jaialdian. Izan ere, maiatzaren 9an Metamorfosia deituriko kontzertua eskainiko dute Garikoitz Mendizabalek eta German Ormazabalek, eta txistu zein piano doinuak nagusituko dira parrokian. Maiatzaren 16an, berriz, Joxan Goikoetxea eta Euskamerata igoko dira agertokira, eta emanaldian hainbat instrumentu entzun ahal izango dira; horrez gain, Iñaki Beraetxek errezitaldia eskainiko du.

Maiatzaren azken bi asteetan, Vocalia taldearen eta Tetraphilia Ensembleren txanda izango da, hilaren 23an eta 30ean, hurrenez hurren; bi kontzertu horietan ere musika klasikoaz gozatzeko parada izango dute entzuleek. Guztira, bost kontzertu izango dira aurtengo Udaberriko Musikaldian, maiatzeko igande bakoitzeko bana, eta kontzertu guztiak Azkoitiko parrokian izango dira, 18:30ean hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide