Iazko Gaztedi xake txapelketaren finala jokatu zuten atzo, igandea, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Garaipena Gros A taldearentzat izan zen handien mailan, eta txikien mailan Bidasoa Xake nagusitu zen. Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldea bigarren sailkatu zen handien mailan. Azkoitiarrek galdu egin zuten txapeldunaren aurka, baina irabazi Hondarribia-Marlaxka taldeari. Txikien mailan, berriz, Hondarribia-Marlaxka izan zen bigarrena.
Zortzi taldek parte hartu zuten finalean, bi mailatan banatuta. Finala Anaitasuna-Kakute taldea honako xakelariek jokatu zuten: Markel Vesga, Cristian Cretu, Denis Valor, Aner Alonso, Lucia Valor eta Aritz Soraluze. Azkoitiko taldearen ordezkariak, berriz, Anibal Fernandez eta Juan Carlos Valor izan ziren.
Pandemiaren eraginez, Kutxa Fundazioak antolatzen duen txapelketaren iazko neurketak atzeratu egin behar izan zituzten, eta finala atzo jokatu behar izan zuten. Gipuzkoako Xake Federazioak eta Anaitasuna-Kakute xake taldeak elkarlanean antolatu zuten finala, "osasun neurri zorrotzak" hartuta. Asier Plazaolak eta Judith Goenagak osatutako protokolo zorrotza bete behar izan zuten partehartzaileek pilotalekuan. Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik, gainera, atzokoa bezalako txapelketak antolatzerako Jesus Andueza Gurea pilotalekuko kudeatzaileak egiten duen "lana" eskertu nahi izan zuen Anaitasuna-Kakute taldeak; garaikur bat eman zioten Anduezari.