Urtzi Azkue: "Abesti guztiak 'groove' erakoak dira, dantzagarriak eta alaiak"

Aitziber Arzallus 2021eko otsailaren 17a

Musikaren munduan ibilbide luzea du Urtzi Azkue (Leioa, Bizkaia, 1977) Azkoitiko bizilagunak. Orain, UR taldea sortu du David Gorosperekin eta Andre Cantorekin batera.

Musika munduan ez zara berria, baina proposamen berri batekin zatoz: UR musika taldea eta Baleak lehen lan luzea. Nola jaio da UR?

Konfinamendu garaian jaio zen. Sortzeko beharra sentitu nuen eta terapia moduan ere balio izan zidan. Etxean estudio txiki bat dut; hantxe hasi nintzen.

Denborapasa gisa hasi zinen ala proiektu berri bat abiarazteko asmoarekin?

Gogoa neukan ukitu elektronikoak dituen funkya egiteko, sintetizagailuekin-eta esperimentatzeko, eta horretan hasi nintzen, proiektu berri bat martxan jartzeko asmoarekin.

Azkoitiar bat, zarauztar bat eta brasildar bat elkartu zarete.

Duela zenbait urte lagun batzuk Funk You! taldea sortu genuen Donostialdean-eta beste funky taldeen bertsioak jotzeko, eta orduan ezagutu nuen Andre. Brasildarra da bera, baina Donostian bizi da duela hamabost bat urtetik. Baxua jotzen du eta talde hartan elkarrekin jo genuen. Taldeko nukleoa hiru lagunek osatzen genuen, baina gero musikari ugari pasatzen ziren taldetik; tartean, David bateria jotzaile zarauztarra ere pasatu zen. Nik aurretik ere ezagutzen nuen, baina esan daiteke orduan sortu zela hiruron arteko kimika. Proiektu berrirako nori deitu pentsatzen hasi nintzenean biekin gogoratu nintzen, eta deitzea erabaki nuen. Pare bat entsegu egin eta ikusi genuen oso ondo funtzionatzen genuela elkarrekin.

Bakarrik hasi zinen kantuak sortzen, bai musika eta bai hitzak. Taldekideek zer ekarpen egin diote proiektuari?

Hasieran neuk egin nituen lau bat kantu; gero, hirukotea osatu genuenean, beste biei pasatu nizkien kantu haiek beren ekarpenak egin eta berregiteko. Handik aurrera egin ditugun kantuetan nik jarri dut hasierako ideia, baina gero hiruron artean osatu ditugu. Davidek lokalean eta nik etxean estudioak dauzkagu eta COVID-19aren garaiotan horrek asko errazten dizkigu gauzak.

Hemen horren ohikoa ez den musika estilo bat jorratzen duzue: funkya; eta hortik abiatuta beste hainbat musika estilo.

Musikan hasi nintzenetik gaur arteko bidean estilo ugari jorratu ditut, metala ere bai garai batean, baina azken urteetan funkyaren bueltan nabil gehienbat. Bidean gitarra irakasle ugari izan ditut, bakoitza estilo batekoa: izan nuen heavy bat, jazza jotzen zuen bat, funkya egiten zuen beste bat… Horrek neu ere aberastu egin nau, estilo diferenteak probatzeko bidea eman dit, eta denetan erakargarrienak jazz eta funky estiloak egiten zaizkit.

Entzuleek zer topatuko dute lehen disko horretan?

Entzuleek denetik topatuko dute diskoan. Abesti guztiak groove erakoak dira, dantzagarriak eta alaiak. Azkenean denak dira akorde batzuetatik abiatuta egindako kantuak, baina bakoitza bere makilajearekin.

Noiz argitaratu zenuten diskoa eta zer moduzko harrera izaten ari da?

Duela pare bat aste jarri genuen diskoa entzungai eta pozik gaude izan duen harrerarekin. Gustura entzuten dela diote, hainbat estilotako abestiak egoteak entzuteko erraza egiten dutela; kanta bakoitzak duela bere zera.

Abesti batzuk ingelesez daude eta beste batzuk euskaraz. Zergatik?

Aurreko diskoetan dena ingelesez egin izan dut eta disko berrian ere letra gehienak ingelesez daude, estilo honetako musika gehienbat ingelesez entzuten dudalako eta hitzak hala ateratzen zaizkidalako. Esan beharra daukat neure burua gehiago dudala musikaritzat, letristatzat baino. Hitzak egiten ditut, baina hitzak egitea musika egitea baino askoz gehiago kostatzen zait, eta normalean bilatzen dudana da letra musikalak egitea. Dena den, aurreko diskoetan ez bezala, oraingoan ahalegina egin dut euskara erabiltzeko. Lehenengo urratsa egin dut eta nik uste aurrerantzean kantu berri gehienak euskaraz etorriko direla.

Diskoak eta taldeak zer bide egitea nahiko zenuke?

Orain hirukotea gara, baina aurki teklatuak joko dituen beste lagun bat batuko zaigu taldera kontzertuetarako-eta, eta orain momentuan nahi duguna da eta gure helburua da ahalik eta gehien jotzea. Kantuak sortzea gustatzen zaigu eta horretan ere ondo pasatzen dugu, baina sortu dugun hori erakustea da gehien betetzen gaituena. Zuzenekoetan aurrean duzun jendearekin sortzen den kimika hori sekulakoa da; ez dago hitzez azaltzerik.

Egoera ez dago kontzertuak emateko moduan. Aukerarik izan al duzue?

Oraindik ez. Ari gara aukera batzuk aztertzen, eta luze baino lehen eman nahiko genuke gure estraineko kontzertua.

Diskoa euskarri fisikoan ateratzeko asmorik ba al duzue?

Ari gara ideia horri buelta batzuk ematen ere, baina orain momentuan ez diogu zentzu handirik topatzen. Agian aurrerago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide