Azkoitiko Gazte Asanbladaren aurkezpen irekia egingo dute otsailaren 20an

Maialen Etxaniz 2021eko otsailaren 15a

Azken hilabeteetan atzeko lanetan ibili ostean, Azkoitiko Gazte Asanbladak aurkezpen irekia egingo du hilaren 20an Azkoitiko Elkargunean 17:00etan hasita. Bertan azalduko dituzte taldearen ikuspuntua eta datozen hilabeteetarako dituzten asmoak.

Azkoitiko Gazte Asanbladak aurkezpen irekia egingo du otsailaren 20an, larunbatez, Azkoitiko Elkarguneko Herriko plaza aretoan, 17:00etan hasita.

"Azkoitiko gazteok herri mailan ditugun arazo edota problematika ezberdinei erantzuteko beharra tarteko, ezinbesteko ikusten dugu Azkoitiko Gazte Asanbladaren sorrera. Funtsezkoa iruditzen zaigu aurkezpena egitea, taldea publikoki modu formal batean ezagutarazteko", azaldu dute gazte asanbladako kideek. Hori dela eta, Azkoitiko gazte orori aurkezpenera bertaratzeko deia egin diete zabaldu duten bideo baten bitartez. Gazteek aurreratu dutenez, aurkezpenean jakinaraziko dute zein den taldearen ikuspegia eta dituen erronkak. 

Azken hilabeteetan "atzeko lanean" aritu dira Azkoitiko Gazte Asanbladako kideak, eta orain herrira zabaldu nahi dute beraien jarduna. Joan zen asteburuan egin zuten aurreneko deialdia, Azkoitian izandako "jazarpen polizialak" salatzeko. 

Hona hemen asanbladaren aurkezpen bideoa: 

https://youtu.be/graYLb7605A

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide