Sestaoko hilketa salatu dute hainbat lagunek Azkoitian

Julene Frantzesena 2021eko otsailaren 13a

56 urteko emakume bat hil zuten atzo Sestaon (Bizkaia). Ertzaintza ari da gertatutakoa ikertzen, baina hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea. Herriz herri ari dira hilketa salatzeko protestak egiten: gaur Azkoitian egin dute, eta bihar Zarautzen eta Azpeitian egingo dituzte.

56 urteko emakume bat hil zuten atzo Sestaon (Bizkaia). Ertzaintza ari da gertatutakoa ikertzen, baina hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea. Hori dela eta, Sostenipe talde feministak deituta, hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek gaur eguerdian plazan. Emakumeok aske eta bizirik lelodun pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, tartean Azkoitiko Udaleko ordezkariak ere bai.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako azalpenen arabera, 57 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten atzo goizaldean Bilboko itsasadarrean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten emakumearen gorpua etxean, indarkeria zantzuekin. Zabalik dago oraindik ikerketa, baina lehen hipotesien arabera, Ertzaintzak uste du gizonak hil zuela emaztea, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela.

Gaur Azkoitian egin duten gisan, bihar Zarautzen eta Azpeitian egingo dituzte elkarretaratzeak. 12:00etan izango dira, Lege Zaharraren enparantzan eta plazan, hurrenez hurren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide