56 urteko emakume bat hil dute Sestaon (Bizkaia), eta Ertzaintza heriotza ikertzen ari den arren, hipotesi nagusia da hilketa indarkeria matxistaren ondorio izan dela. Hori dela eta, hilketa matxista hori salatzeko elkarretaratzera deitu dituzte Azkoitiko Sostenipe talde feministak, Zarauzko koordinadora feministak, Azpeitiko Basanderiek asanblada feministak eta Zumaiako Mugimendu Feministak.
Hain zuzen, "eraso eta erailketa matxista orori gaitzespena adierazteko" egingo dituzte kontzentrazioak. Azkoitiko plazan gaur izango da protesta 12:30ean, Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean. Zarauzkoa eta Azpeitikoa, berriz, bihar izango dira 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan eta Azpeitiko plazan. Zumaian ere bihar elkartuko dira, baina han 13:00etan jarri dute hitzordua Beheko plazan.
Azkoitiko Udalak, bere aldetik, Sestaoko hilketaren aurrean "gaitzespenik irmoena" azaldu du, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei. Horrez gain, udalak bat egin du gaur eguerdirako Sostenipek deitu duen elkarretaratzearekin, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu.
Azpeitikoak ere bat egin du Basanderiekek deitutako elkarretaratzearekin, indarkeria matxista gizarteko arazo "benetan larria" delako. Udalak eskubide urraketarik ez duela onartzen adierazi du, "ez Azpeitian, ez beste inon", eta urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzean herritarren ardura ere badela gogorarazi du. Horrez gain, erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara jotzeko deia egin die herritarrei, eta erakundeak adierazi du hezkidetza programen bidez indarkeriaren aurkako lanean jarraituko duela.