Igerilaria

Joanes Txurruka: "Gogorra da entrenamenduetako emaitzak ia erakutsi ezin izatea"

Andoni Elduaien 2021eko otsailaren 9a

Pandemiak ekarri dituen murrizketek zuzenean eragin dute igerilarien jardunean ere. Horietaz hitz egin du Txurrukak, Espainiako Txapelketan lehiatzear dela.

Joanes Txurruka igerilaria. (Aitziber Arzallus)

Joanes Txurruka (Azkoitia, 2003) Zubiaurre igeriketa klubeko igerilariak euskal selekzioarekin jokatuko du datorren ostiraletik igandera bitartean Espainiako Igeriketa Txapelketa, Oviedon (Asturias, Espainia).

Euskal selekzioak deitu zaitu Espainiako Txapelketan aritzeko. Gustura al zaude deiarekin?

Bai, horrelako mezuak gustura jasotzen dira, eta gauden egoeran egonda, motibazio extra bat ere ematen du selekzioarekin aritzeko aukerak.

Zer da zuretzat euskal selekzioaren deia jasotzea?

Hirugarren deia dut oraingoa, baina aurrekoaren ilusio bera egin dit. Lagun batzuk eginak ditut dagoeneko, eta igerileku eta leku berriak ezagutzea ederra da.

Non ikusten duzu zeure burua? Zerbait lortzeko aukerekin?

Estatu mailan oso zaila da nabarmentzea. Jende oso ona dago, eta akats txikiek asko kontatzen dute. Hala ere, 100 metro bizkar proban dut emaitzarik onena.

Gaur egungo egoerarekin, zein muga edo zailtasun izan dituzue entrenatzerakoan?

Entrenatzeko ordutegia aldatu egin zaigu. Horrekin batera, nire kasuan, entrenamendu orduak dezente murriztu ditut, ezin izaten dudalako taldekideekin batera entrenatu.

Nola moldatu zarete egoera horretan entrenamenduak egiteko? Igerilekua faltako zitzaizuen...

Ordutegia aldatu zaigu, eta niri ez zait ongi etorri aldaketa. Horregatik, herritar modura joan behar izaten dut Elkarguneko igerilekura, beste taldekide batekin batera, txanda hartuta. COVID-19a dela eta, bi herritarrek baino ezin dute egon aldi berean igerilekuan, eta horrek eragin handia du gure jardunean.

Zubiaurre igeriketa klubak lagundu dizue irtenbideak bilatzen, ezta?

Bai, klubekoak beti daude laguntzeko prest. Nire entrenatzeko orduetan ere, beti egoten da nor edo nor niri denborak hartzeko, eta horrek asko laguntzen du.

Txapelketarik ez duzue izan ia. Nola daramazue lehiatzeko nahia eta ezina?

Nahikoa gogorra egiten da entrenamenduetan sufritzen ibiltzea eta emaitza erakusteko aukerarik ia ez izatea. Baina badirudi berriro ere poliki-poliki martxan hasi garela, eta ea horri eusten diogun.

Zer aldatu du pandemiak igerilarientzat?

Kirol guztietan bezala, kolpe handia eman du pandemiak. Txapelketak egin ditugu, baina ez dira ohiko gisakoak izan: segurtasun tarteak, neskak eta mutilak banatzea edukiera kontua dela eta, publikorik ez izatea... Nabaritzen diren xehetasunak dira, azkenerako.

Hau guztia pasatuta, zer ondorio atera dituzue edo zer hausnartu duzue?

Gauzak zail egon arren, gogoa baldin badago, beti aurkitzen dela irtenbidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide