Atzo iluntzean, tabernak itxi eta gutxira, istiluak izan ziren Azkoitian. Azkoitiko Gazte Asanbladak ohar bidez jakitera eman duenez, "tabernak itxi orduko, 20:10erako, polizia kopuru handia agertu zen Atraskua parera: bi patrulla eta istiluen aurkako furgoi bat ikusi genituen herriko udaltzainekin batera". Han zegoen jendeari "mehatxuka" hasi zirela ziurtatu dute asanbladako kideek, "dispertsatzeko esanez, bestela identifikatuak izango zirela eta".
Oharrak dionez, "ertzainek kalean zeudenen aurka kargatu zuten inongo irizpiderik gabe, eta hainbat gazte erasotuak izan ziren". Eraso horietako hainbat zerrendatu dituzte jarraian: "Gazte bat ahotik eutsita kalean zehar arrastaka eraman zuten, beste batzuk paretaren aurka bultzatu edo lurrera jaurti zituzten, ostikadak jaso zituzten... Horrekin batera, uneoro irainak eta probokazioak jasan zituzten: 'que poco correis los jovenes de Azkoitia', 'este no es uno de ellos, pero lo multaremos igual' eta 'ya no sois tan valientes' bezalakoak entzun ziren polizia indarren ahotan".
Aurretik ere, egunean zehar, "herrian ohi baino presentzia polizial handiagoa" izan zela nabarmendu dute. "Uneoro kaleak kontrolatzen ibili ziren eta tabernetara sartuta ere ikusi genituen. Tabernan egote hutsagatik identifikazioak jasan genituen". Atzokoa "aldez aurretik planifikatutako ekintza" izan zela adierazi dute.
"Herriko egoerak goia jo" duela eta COVID-19aren aitzakipean hartu dituzten neurriek "langileak antolatzea ahalbidetzen duten oinarrizko askatasun eta eskubideen kontrakoak" direla iritzita, gaur arratsaldean mobilizatzera dei egin du Azkoitiko Gazte Asanbladak. 19:00etan plazan jarri du hitzordua, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin die.