Hurrengo larunbatean, otsailak 13, Scape The Herria izeneko escape jokoa egingo dute Azkoitian. Googaz taldearen ekimena babestu du Azkoitiko Udalak gazteak tokian tokiko komertzioa bultzatzeko asmoz. Prozesua hiru fasetan banatu dutela azaldu dute Eukene Gontan eta Irene Aguriondo Googaz taldeko kideek. Prentsaurrekoan Sonia Vazquez zinegotziak eta Jon Larrañaga Herrixen elkarteko presidenteak ere parte hartu dute, eta Vazquezek azaldu du egitasmoan parte hartzeak "merezi duela", helburua "herriko merkataritza sustatzea" delako. Otsailaren 13an egingo duten The Scape Herria jokoarekin hasiko da Googaz taldeak proposatutako prozesuaren lehen fasea. Azkoitiko 18 eta 30 urte bitarteko gazteek hiru laguneko taldeka osatu beharko dituzte escape jokoan parte hartzeko; Elkarguneko Herriko Plaza aretoan hasi beharko dute jokoa izena emandako taldeek. "15-20 talde" elkartzea espero dute Googaz taldeko kideek.
Gainera, jakinarazi dute dagoeneko izen ematea irekita dagoela Googaz taldearen webgunean, eta aurreneko taldeak ere osatu direla. "Scape jokoan parte hartu nahi dutenek ordubeteko tartean egingo dute jolasa, eta 10:00etatik 20:00etara bitartean egongo da egongo da horretarako aukera", azaldu dute Gontanek eta Aguriondok. Orduro "hiru edo lau taldek" parte hartzea aurreikusi dute. Escape jokoa erronka desberdinekin sortu dute, eta digitalizazioaren bitartez eramango da prozesua aurrera; izan ere, izena eman ondoren deskargatu beharko duten app baten bitartez parte hartuko dute gazteek jokoan. Escape room moduko bat sortuko dute app horretan, eta partehartzaileek hainbat galderari erantzun zein probak betebeharko dituzte.
Jokoan herriko komertzioek zer behar dituzten eta zer erronkari aurre egin behar izaten dioten aztertu beharko dute partehartzaileek. Detektatutako eta aztertutako erronka guztiekin ideia berritzaile bat sortu beharko dute taldeek. Talde bakoitzak eratutako ideia berritzailea Googaz taldera bidali beharko da jokoa amaitu ondoren, eta otsailaren 15ean, astelehenean, Googazeko Instagram kontuan jakinaraziko dute Azkoitiko talde irabazlearen izena zein den. "Iniziatiba eta ideia berritzaileena izateari" emango dio balioa Googazeko dinamizatzaile taldeak. Azkoitiko Udalak eta Herrixen elkarteak ere sariak banatuko dituzte. 300 euroko erosketa bonua emango diote talde irabazleari herriko dendetan erabiltzeko, eta zozketa bidez 150 euroko beste bonu bat zozkatuko dute parte hartzen duten talde guztien artean.
Bigarren fasea, uda aurretik
Azkoitian egindako The Scape Herria jokoa amaitu ondoren, bigarren fase bat ere izango du ekimenak. Maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran hasiko dute lurralde bakoitzeko kopa. Herri bakoitzean irabazten duen taldea lurraldeko kopara pasatuko da, beraz, Azkoitiak ere izango du ordezkaritza Gipuzkoako kopan. Bigarren fasean, herrietako irabazleek proiektu berriak aurkeztu beharko dituzte, "modu berritzaile batean komertzioetako erronkei eta arazoei irtenbide bat" emateko. Gipuzkoa mailako jokoa irabazten dutenak, berriz, hirugarren fasean murgilduko dira bete-betean. Irabazleek Europan zehar bidaiatzeko aukera izango dute 10-15 egunez. Hiru talde horiek bidaian zehar Europako tokiko komertzioen tendentziak zein diren jasoko dituzte, eta ikerketa lan baten bitartez txosten bat aurkeztu beharko dute. Ideia berritzaile horiek, ondoren, "liburuxka batean" jasoko dutela azaldu dute Googazeko kideek, eta Azkoitiko komertzio guztiei banatuko diete gero, "ideia horiek martxan jarri ahal izateko", eta bide batez, "tokiko komertzioari laguntzeko".
Googaz Mondragon Unibertsitatearen bueltan duela hiru urte sortutako taldea da. Lidergo ekintzailetza eta berrikuntza graduko ikasle ohi eta egungo ikasleek sortutako taldea da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteentzat sortutako mugimendua da Googaz. Helburuen artean dituzte, besteak beste, talde lana, iniziatiba ekintzailea izatea eta gazte talentua bultzatzea. Era berean, gazteak lurraldeko erronketara bultzatu eta kontzientziatu nahi dituzte, baita euskal gazteak mundura zabaldu ere. Horretarako, proiektuaren egituran sartzen dituzte udalak, aldundiak zein gazteak, eta urtero erronka berri bat jorratzen dituzte. Ekintzailtasuna eta garapen iraunkorreko helburuak landu zituzten aurreko bi urteetan. "Aurten, COVID-19aren egoeragatik, erronka handiak sortu dira tokian tokiko komertzioaren inguruan, eta erabaki dugu onuragarria litzatekeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan mailan inpaktua zabaldu eta mugimendua lantzea", azaldu dute.
Gipuzkoako lehena
Orain arte Bizkaian egon da murgilduta bereziki Googaz taldea, baina orain Gipuzkoara zabalduko dute lanketa. Bizkaiko zortzi udaletxek eta Bizkaiko Aldundiak parte hartu izan dutela jakinarazi dute Googazeko kideek. Orain arte "eraginkorra" izan dela adierazi dute Gontanek eta Aguriondok, hiru pertsonak osatutako "15-20 talderen bueltan" ibili baitira herri guztietan. Horrelako ekimen bat egingo duten Gipuzkoako lehen herria Azkoitia izango da, baina aurrerantzean Gipuzkoan zehar "gehiago zabaltzea" aurreikusi dute.