Ingalaterran bizi den azkoitiarra

Jone Irañeta: "Askoz gehiago egin zitekeen Erresuma Batuan kutsatzeak saihesteko"

Anartz Izagirre 2021eko otsailaren 2a

Bradforden (Ingalaterra, Erresuma Batua) bizi da Jone Irañeta (Azkoitia, 2001). Haren egunerokotasuna hankaz gora jarri du koronabirusaren Britainia Handiko aldaerak.

Zer egiten duzu Erresuma Batuan?

Orain dela lau hilabete inguru etorri nintzen Bradford hirira, Kriminalistika ikastera, Bradfordeko Unibertsitatera.

Nolakoak dira Bradfordeko herritarrak?

Bradford oso hiri gatazkatsua da orokorrean; estatistikei erreparatzen badiegu, Erresuma Batuko hiririk arriskutsuena da. 300.000 pertsona inguru bizi dira hemen, eta aniztasun handia dago; unibertsitatean ere nabari da hori. Nabariena pakistandar populazioa da hemen.

Zergatik aukeratu zenuen Ingalaterra ikasketak egiteko?

Madrilen egin behar nituen ikasketak, baina nire nota ez zen nahikoa izan hango unibertsitatera sartzeko. Lanean egin nuen urtebete, eta Ingalaterrara etortzea erabaki nuen gero, betidanik ingelesarekin eta herrialdearekin izan dudan harremanagatik.

Urtarrila hilabete gogorra izan da Erresuma Batuan. Zein da egoera une honetan herrialdean?

Herrialdean bi gauza ikusten dira: alde batetik, orain dela gutxi birusaren mutazio berri batek hilkortasun tasa eta kutsatze tasa igo zuela esan ziguten; bestetik, txertoarekin egin den lana poliki-poliki herritarrei iritsi zaie. Bradford lurraldearen iparraldean dago, eta hemen ez dago Londresen bezalako kaosik. Herritarren erreakzioa desberdina da hemen birusaren aurrean: herritarrek kalean ez dute maskararik eramaten, supermerkatuetan jendea maskararik gabe ikus daiteke... Ondorioz, kutsatze tasa altua da Bradforden, baina ez dago Londresen dagoen beldur hori.

Urte amaieran, hainbat herrialdek beren mugak itxi zizkieten britainiarrei koronabirusaren aldaera hori zela eta. Izan al zenuen Gabonetan Azkoitira bueltatzeko aukerarik?

Gabonak baino lehen joan nintzen Azkoitira, abenduaren 11n, une horretan unibertsitateko ikasleei etxera bueltatzeko aukera eman baitziguten. Azkoitira bueltatu eta egun bat geroago, tabernak ireki zituzten Bradforden. Ingalaterrara bueltatu baino lehen, ordea, Britainia Handiko aldaera berriaren lehen ondorioak iritsi ziren; nik bueltatu behar nuen egunean, abenduaren 22an, hain justu. Erresuma Batutik Espainiara ezin zen joan orduan. Hala eta guztiz ere, nik ez nuen inolako arazorik eduki Erresuma Batura itzultzeko; dokumentu batzuk erakutsi eta berrogeialdia egin behar izan nituen, besterik ez.

Boris Johnson lehen ministroak azken egunetan adierazi du birusaren aurka "ahal zuten guztia" egin dutela. Gehiago egin al zitekeen?

Kutsatze tasa eta estatistikak ikusita nahiz beste herrialde batzuekin alderatuta, nabari da askoz gehiago egin zitekeela hemen kutsatzeak saihesteko.

Zer gehiago egin beharko litzateke?

Herritar askok kritikatzen duten sistema izan dugu hemen. Izan ere, Ingalaterrak hasieran Tier sistema zuen; hau da, hiri bakoitzari maila bat eman zitzaion, eta maila horren arabera hiri bakoitzak neurri desberdinak zituen. Bradford Tier sistema horren hirugarren mailan egon da ia hasieratik, baina Gabonetan dendak ireki ziren eta neurri gutxiago ezarri zituzten. Gabonak eta gero, berriz, berrogeialdia egin behar izan genuen. Nire ustez, hasieratik konfinamendua egin izan bagenu eta neurriak gehiago errespetatu izan balira, orain ez ginatakeen etxean egongo.

Hainbat astez zaudete etxean konfinatuta. Zer moduz daramazu itxialdia?

Etxean hainbat astez egon naiz, baina ez da lehen aldia izan; izan ere, azken lau hilabeteetan bost aldiz geratu naiz etxean. Itxialdiak asko lagundu zidan nire ikasketekin, azterketetan hasi ginelako une hartan. Orain, erosketak egitera eta kirola egitera joaten naiz kalera, baina irteerak murriztuta dauzkat; hau da, ez naiz egunero kalera ateratzen. Konfinamendua otsailaren 15ean bukatuko dela dirudi.

Brexitak ere zalaparta eragin du mundu osoan zehar. Sentitu al duzu haren eraginik?

Urtarrila baino lehen, brexitaz leku guztietan entzuten zen hemen, eta atzerritarren artean beldur handia sumatzen zen. Kanpoko ikaslea naizen heinean, brexitaren eragin handiena Erasmus programan nabaritu dut; izan ere, gobernuak ez digu dirulaguntzarik emango kanpora ikastera joateko. Horrez gain, urtarrila baino lehen ikasle guztiek bisa lortu behar izan zuten hemen geratzeko.

Ikasketak amaitu ondoren Ingalaterran bizitzen gelditu nahiko bazenu, brexitak izango al luke eraginik?

Ikasketak amaitu eta gero bukatuko da nire bisa, bost urterako baitut. Dena den, eragin handia izango luke brexitak: bost urte horien ostean, dokumentu bat beharko nuke bizitza osorako hemen gelditzeko, settlement-scheme deitzen dena.

Azkoitira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Birusarekin beste arazorik ez badut, apiril aldean bueltatzea da nire asmoa, baina seguraski uda aldean izango dut itzultzeko aukera. Ikasketak amaitu eta gero bueltatuko al naizen edo ez ikusteko dago oraindik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide