Lehen Hitzaldi Astea antolatu du Azkoitiko Kukuerri elkarte sortu berriak

Nerea Uranga 2020ko abenduaren 26a

Kukuerri elkartea sortu dute Azkoitian, eta datorren asterako Lehen Hitzaldi Astea prestatu dute. Azkoitiko Kukuerri inguruko naturari, Munoaundi aztarnategiari eta bizikletaren erabilerari buruzko solasaldiak antolatu ditu elkarte sortu berriak. Abenduaren 28tik 30era artek izango dira hitzaldiak, Azkoitiko Abaraxka aterpetxeko aretoan. Hirurak, 18:00etan hasita.

Kukuerri elkartea sortu berri dute Azkoitian, eta datozen egunetarako antolatu duen Lehen Hitzaldi Asterako hurbileko gaiak aukeratu ditu. "Gure inguruko natura haurrei ezagutaraztea, Munoaundiko garaia hobeto ezagutzea eta egunerokoan bizikletaren erabilera sustatzea dira sortu berri dugun Kukuerri elkartearen Hitzaldi Asterako aukeratuta gaiak", azaldu du elkarteak.
 
Lehen Hitzaldi Astea abenduaren 28tik 30era artean antolatu dute Azkoitian, eta saioak Abaraxka aretoan egingo dituzte, 18:00etan hasita. Kukuerri elkarteak azaldu du, hitzaldietarako aforoa mugatu egingo dutela, "segurtasun osoa bermatzeko". Hitzaldien iraupena, berriz, ordubete ingurukoa izango da.
 
Abenduaren 28ko, asteleheneko, solasaldiko protagonistak natura eta haurrak izango dira. Igor Elortza naturazaleak hitz egingo du inguruko basoez, landarediaz, txoriez eta animaliez. "Inguruan daukagunaren berri emango du Elortzak hitzaldi-jolas baten bidez, irudiekin eta soinuekin jolastuz", azaldu du Kukuerri elkarteak.
 
Abenduaren 29an, asteartean, Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi aztarnategiaz eta han egiten ari diren indusketez ariko da hizlari Antxoka Martinez Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa eta Munoaundiko indusketen zuzendaria. Kultura materiala eta Burdin Aroaren bukaera izenburu hartuta eskainiko du solasaldia Martinezek.
 
Lehen Hitzaldi Asteko hirugarren eta azken solasaldia bizikleta eguneroko garraiorako baliabide gisa erabiltzearen ingurukoa izango da, abenduaren 30ean, asteazkenean. Kasu honetan, Gorka Hoyos Kalapie hiriko txirrindularien elkarteko kidea ariko da solasean, Eguneroko joan-etorriak bizikletaz zergatik ez? Azkoitia-Azpeitia Amsterdam bilakatuz hizketagai hartuta.

Kukuerri elkartea, sortu berria

Azkoitiko Kukuerri elkartea sortu berria da, eta Hitzaldi Astea da antolatu duen lehen egitasmoa. Orain antolatu dituzten solasaldi hauetan elkartearen "helburu batzuk" islatuta daudela azaldu dute elkarteko kideek. "Irabazi asmorik gabeko elkartea da Kukuerri elkartea eta kultura, ingurumena, berdintasuna, ongizatea, elkartasuna nahiz jasangarritasunaren aldeko jarduerak eta ekimenak antolatzeko eta sustatzeko asmo xumearekin jaio da", adierazi du Kukuerri elkarteak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide