Ramon Oñederra 'Kattu' gogoratu dute hil zuteneko 37. urtemugan

Nerea Uranga 2020ko abenduaren 19a

Gaur bete dira 37 urte Ramon Oñederra 'Kattu' azkoitiarra Baionan hil zuela GALek. Urtero bezala, lore eskaintza egin dute ezker abertzaleko kideek Azkoitiko parrokiaren atariko oroigarrian.

37 urte bete dira gaur, abenduak 19, GALek Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra Baionako Kaietenea tabernan tiroz hil zuenetik. Egun hauetan Kattu gogoan hainbat ekitaldi egiten ari dira Azkoitian, Azkoitiko Ezker Abertzaleak deituta. Atzo, ostirala, 'Estatu terrorismoaren ondorioak' hizketagai hartuta hitzaldia izan zen Elkargunean. Ane Muguruza Josu Muguruza zenaren alabak, Egiari zor elkarteko Tasio Arrizabalagak eta Arantxa Oñederra Kattu zenaren arrebak parte hartu zuten solasaldian, eta jende dezente bildu zen hitzaldi aretoan.

Gaur, berriz, Katturen hilketaren eguna gogoan, lore eskaintza egin dute Azkoitiaren parrokiaren atariko oroigarrian, eta han dagoen panela berritu dute, Txetxu Urteaga deportatu zenaren (Venezuelan hil zen joan den apirilaren 2an) irudia erantsiz. Oroimen ekitaldian salatu dute Espainiako Estatuak ez dituela "biktima guztiak" berdin aitortzen, eta hori hala ez izateko erakunde guztiek egin beharreko ahalegina nabarmendu dute.

Bihar, igandea, Kattu Xake Memoriala jokatuko dute online, Anaitasuna Kakute Xake Taldeak antolatuta. Zazpi txandatan banatuta jokatuko dituzte partidak, eta gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dute. Jokalari bakoitzak bost minutuko partidak jokatu ahalko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide