Mari Karmen Dierez: "Ohorea da Jasokundeko lehen emakume presidentea izatea"

Andoni Elduaien 2020ko abe. 2a, 10:00

Jasokunde kooperatibako lehen emakume presidentea da Mari Karmen Dierez azkoitiarra. Familiako tradizioari eutsiz hartu du kargua, eta kooperatiba ahalik eta ondoen gidatzen saiatuko da.

Mari Karmen Dierez Alberdi Diex (Azkoitia, 1965) da Jasokunde kooperatibako presidente berria. Kooperatibak historian izan duen lehen emakume presidentea izango da. Kargu berria hartzea «ohorea» dela azaldu du azkoitiarrak. Haren aitona Jose Mari kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen; Mari Karmenen aita Iñakik, berriz, ardura handia izan zuen langileen artean. Orain, bi haien bilobak eta alabak hartu du kooperatibaren kargua, diereztarren sokari jarraipena emanez.

Zergatik erabaki duzu Jasokunde kooperatibako presidente kargua hartzea?

Duela pare bat urte kooperatibako batzordeko kide bat etorri zen nire etxera. Batzorde berria eratzea egokitzen zen orduan. Pentsatu nuen, guztiok ezetz esaten badugu, ez zuela aurrera egingo kooperatibak, eta batzordean sartzea erabaki nuen. Talde polita eduki dugu azken bi urteetan, bost emakumek eta hiru gizonek osatua; ordura arte emakumeek ez zuten gehiengorik eduki batzordean. Batzordeko ordezkari gisa hainbat bileratan-eta parte hartu nuen, eta batzordeko kide batek txantxetan-edo jarduten zidan esanez ni izango nintzela kooperatibako hurrengo presidentea; gainera, lehen emakumea izango nintzela esaten zidan. Nik txantxak uzteko esaten nion. Aurreko presidenteak aurtengo batzarra deitu zuen, eta hein handi batean, ikusi nuen zer zetorren. Presidenteak ezin izan zuen batzarrean parte hartu osasun kontuengatik, eta neuk hartu nuen batzarra zuzentzeko ardura. Batzordea berritzea egokitzen zenez, batzordekideon artean hitz egin genuen presidente berriaren gaiaz, eta han proposatu zen nire hautagaitza.

Kooperatibako lehen emakume presidentea zara.

Ohore handia da Jasokunde kooperatibako lehen emakume presidentea izatea; hori ezin dut ukatu. Parekidetasunaren aldekoa naiz, baina ezeren gainetik pertsonak gara. Pisu handiagoa du niretzat Jasokunde kooperatibako sortzaileetako eta langileetako baten biloba eta kooperatibako langileen artean ardura handia izan zuen aitaren alaba izateak. Dierez abizena beti lotu izan da Jasokunde kooperatibarekin, eta orain ni kooperatibako presidentea izatea ikaragarria da. Jasokundeko atetik sartu nintzen lehen egunean emozio handiak sentitu nituen; izan ere, aita lanean agertzen den koadro bat dago esekita horma batean. Harro nago, noski, alde batetik Iñaki Dierez alaba naizelako, eta bestetik, Jose Mari Dierezen biloba naizelako. Halere, esan behar dut nire aitaren alboan egon zela beti nire ama, Karmen Alberdi. Gainera, bitxia da, baina kooperatiba egon zen eraikinean bertan jaiotakoa naiz.

Zein izango dira zure zereginak presidente karguan?

Talde bat gara; zortzi partaide gaude batzordean, eta lanak banatu egin ditugu. Kide batek diruzainaren ardura du eta beste batek idazkariarena. Bazkidetzako berrikuntzetan ere lana dago, eta horren ardura hirugarren batek hartu du. Nire lana izango da kanpora begirako harremanak kudeatzea, besteak beste, Uvescorekin nahiz udalarekin hitz egitea eta errentan ditugun lokalen arduradunekin egotea. Arlo horiek guztiak kudeatzea, ondasunak zaintzea eta batzordea koordinatzea izango dira nire ardurak nagusiki. Ez da garai ona, jakina, baina kooperatibak dituen ondasunak mantendu nahi ditugu, eta ahal den neurrian handitu. Aurreko batzorde batzuek ausardia izan zuten inbertsiorako, baina hainbat kontu tarteko, inbertsioak atzeratuta ditu kooperatibak gaur-gaurkoz.

Zenbat bazkide ditu kooperatibak egun?

Batzordeko kideak izugarrizko lana ari dira egiten datua eguneratzeko, baina ez dakit egunen batean lortuko dugun zehatz-mehatz zenbat bazkide ditugun jakitea. 610-620 artean gaude orain. Kooperatibako kideren bat hil ondoren, askotan haren etxekoek ez dute jakinarazten kooperatibako bazkidea hil egin dela eta haren oinordekotza nork hartzen duen. Batzuek ez diote jarraipenik ematen, eta gero lau edo bost urtera hasten dira bazkidetza kontua argitu nahian. Estatutuetan jasota dago, eta orain batzarretik batzarrerako epea uzten da kooperatibako bazkidetza beste norbaiten esku uzteko.

Zer helbururekin sortu zen Jasokunde kooperatiba?

Behar batek sortutako kooperatiba da Jasokunde. 1910eko hamarkadan, egoera oso gogorra zen herrian, eta Azkoitiko langileak guztien onerako elkartu ziren kooperatiban. Francisco Oianbururengana jo zuten hainbat langilek, oso adimentsua baitzen hura. Oianburu oso pertsona garrantzitsua izan zen kooperatibaren sorreran. Lantzekoa [Nafarroa] zen, eta Martirietara etorri zen maisu lanak egitera. Martirietako alaba batekin ezkondu zen, eta gero, Baldan akademia ere jarri zuen; Baldako maisua esaten zioten. Azkoitia sekulako pobrezian bizi zen, zapalketa beldurgarri batean. Garai hartan langile mugimenduko burua zela esan genezake Oianburu. Azkoitia politikoki integrista zen, eta pentsa, Oianburu eta hainbat kide Gallartako [Bizkaia] La Arboledara joan ziren, hango langileak nola antolatzen ziren ikustera. Hango kooperatiba baten oinarriak hartu zituzten eta Azkoitira ekarri. Produktuak eta lehengaiak kopuru handiagotan ekarriz merkeago erosten hasi ziren kooperatiban.

Eta zertan aldatu da ordutik?

Orain, kooperatibak ez du bere sorrerako sena. Kontsumo kooperatiba bezala indarra galdu zuen herrian agertu ziren beste supermerkatuen aurrean. Dena den, negozioa izaten jarraitu zuen, Jasokundek Uvesco-BMri kooperatiba errentan ematea lortu baitzuen; eta, gainera, kooperatibako langile guztiak bere gain hartu zituen. Ikaragarrizko albiste ona izan zen hori Jasokunderentzat. Kooperatiba negoziorik gabe gelditzear zen, eta langileak kaleratu beharrean aurkituko zen. Hasierako urteetan, ordea, kooperatibako bazkideek ez zuten abantailarik BM supermerkatuan; gerora lortu zen hori. Orduko batzordeak hartutako erabaki horiekin, Jasokunde kooperatibari bizirik eustea lortu zuten. Gaur egun, berriz, kooperatibak bere ondasunen mantentze lana egiten du bereziki. Batzordearen gain ez dago pertsonarik edo familiarik, eta horrek lasaitasun handia ematen du.

Eta azkenik, zein dira dituzun erronkak?

Kargua berria da niretzat, eta lur hartzen ari naiz; gauzak nola egiten diren ari naiz ikasten. Gure erronka nagusiena ondasunak mantentzea eta ahal den heinean handitzea izango da. Halere, proposamen bat edo beste badut buruan, eta ea horiek gauzatzeko gai garen. Nire erronka pertsonala da ahal den ondoen eramatea kooperatiba, ea zortea dudan. Pisu bat, kargu bat hartzea erabaki dut, eta ibilbidea ahalik eta txukunen egiten saiatuko naiz. Gainera, egindakoarekin nire guraso zirenak eta etxekoak harro sentitzea nahi dut. Jendeari ez diot hutsik egin nahi eta 105 urtean bezala ondorengoei ahalik eta kooperatiba txukunena uzten saiatuko naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide